Mibizia ikertzearen aldeko keinuak, urpean ikusgai
Minbizia ikertzearen alde egin zuten domekan Bermeoko Izaro Sub taldeko kideek. Urpekaritza ikastaroa egin zuten, eta bertaratutakoek euren ekarpenak egin zituzten, eta guztira, 350 euro bildu zituzten.
Minbizia ikertzearen aldeko keinuak urpean ikusi ziren domekan Bermeon. Minbiziaren aurkako eguna izan zen martitzena, baina Bermeoko Izaro Sub taldeko kideek minbizia ikertzearen alde egin zuten asteburuan.
Vencer el cancer elkartearen proiektua diruz laguntzeko asmoz, elkartasunezko bataioak antolatu zituzten urpekariek, eta Arane kiroldegira 50 lagun inguru gerturatu zirela adierazi dute: «Hamar izan ginen monitoreak, eta 50 lagun inguru gerturatu ziren. Adin guztietako herritarrak etorri ziren, txiki eta nagusiak. Batzuek lehen aldiz egin zuten urpekaritzan». Arratsaldeko 17:00etan jarri zuten hitzordua, eta bi ordutan zehar urpekarien keinuak eta praktikak ikasi zituzten bertaratu zirenek.
Sarreran elkartasuna adierazteko kutxa jarri zuten, eta guztira 350 euro batu zituztela adierazi dute: “Ez da asko izan, baina lehenengo urtea izateko ondo dago. Herritarrak ez direla ondo enteratu pentsatzen dugu. Datorren urtean hobetzea espero dugu”.
Lehenengoz antolatu. Izaro Sub taldeak antolatutako saioak Espainiako hainbat lekutan egindako ekimenagaz bat egin zuen. Izan ere, Itsas Zaindarien Sareak bultzatuta, bosgarren urtez Vencer el cancer elkartearen proiektua diruz laguntzeko ekintzak antolatu zituzten. Bermeotarrentzako, baina, lehenengo aldia izan da, eta aurrerantzean ere urpeko elkartasun bataioak antolatuko dituztela adierazi dute: “Bizkaian bi taldek bakarrik antolatu genituen ekintzak. Aurten lehenengo aldia izan da, eta zer hobetu badago, baina aurrerantzean ere jarraituko dugu minbizia ikertzearen alde egiten”.
Urtean zehar itsas garbiketak antolatzen dituzte, baita urpekaritzako bizpairu saio ere egiten dituzte. Aurtengo saio horietako bat aprobetxatu dute minbiziaren ikerkuntza bultzatzeko.