Espainiako estatuaren anatomia izango dute aztergai, martitzenean, Harizpen
Azken 50 urteetako bilakaera aintzat hartuta, gaur egungo "frankismo soziologikoaz" ariko dira Iñaki Egaña historialariagaz batera.
Ipes elkarteak antolatuta, Espainiako Estatuaren anatomiaz hitz egingo dute martitzenean, Harizpen. 19:00etan jarri dute hitzordua, eta herritarrei gerturatzeko deia egin diete. Iñaki Egaña historialariak zuzenduko du martitzeneko saioa, eta azken 50 urteetako bilakaera aintzat hartuta, gaur egungo “frankismo soziologikoaz” ariko dira.
Antolatzaileek adierazi dutenez, azaroaren 10ko hausteskundeen ondorengo egoeraz, eta Kataluniako gertaerak aztertzeaz gain, Francoren exhumazioaz ere hitz egingo dute: “Azaroak 20ko urteurrenak daude eszena gisa, halabeharrez, eta, zentzu horretan, interesgarria iruditzen zaigu Franco aktualitatean dagoela baino, 2019-20an frankismoaren eguneratzeaz gogoeta egitea”.
Hala, komunikabideetan, judikaturetan, elite ekonomikoetan, botere politikoan edota monarkian jaso ahal den nolabaiteko frankismo soziologikoaren irakurketa trasladatuko dutela adierazi dute. “Irakurketa hori non eta Gernikan egitea interesgarria begitatzen zaigu. Franco exhumatu bai, baina frankismoa sistema espainiarrean deshilobiratu gabe dagoelako”, adierazi dute. Eta, horretarako, Iñaki Egaña historialaria gonbidatu dutela esan.
Hitzaldiagaz, gainera, Arranori ekarpena egin gura izan diote: “Astran egiten ditugu normalean, baina, oraingoan, lekuz aldatuko dugu Arranori eraberritze lan bat egin zaiolako eta ekarpentxoa egiteko asmoz”.
Lanketa iraunkorra. Ipes elkarteak azken urteetan Euskal Herriko historiaren herri memoria, eta Gernika-Lumoren kontzeptu, kokapen, esanahi eta kokalekutik lanketa iraunkorra landu dute: nagusiki Gernikaren Egiak liburuxkaren publikazioagaz eta Gernikaren Egiak ikus-entzunezkoaren ekoizpen eta zabalpenagaz.
Horrez gain, Gernika Memoriaren Lekuko plataformaren kideak direna, eta Memoria Elkarrizketak izeneko saioak egiten dituzte ikasturteko; aurtengo ikasturteko saio horietako bat da martitzenekoa. Izan ere, euren logika memoriari erpin ezberdinetatik “tiraka” egitea da: “Memoria da gaurko errealitatea interpretatzeko ezinbesteko lanabesa; baina, batez ere, etorkizuna eraikitzeko oinarrizko tresna da”.