Milioi bat eurotik gorako aurrekontua onartu dute Gautegiz Arteagan
Zenbateko hori iazko aurrekontua baino %7,2 handiagoa da. Inbertsio nagusia HAPOra bideratuko dute, "herriarentzako hobekuntza planekin jarraitzeko".
Gautegiz Arteagako Udalak 1.000.743 euroko aurrekontua aho batez onartu du 2020 urteko ekitaldirako. Zenbateko hori iazko aurrekotua baino %7,2 handiagoa da. Hasierako aurrekontuari, gainera, diruzaintzako gerakina gehitzea aurreikusi dute; 200.000 euro.
Azaldu dutenez, aurtengo aurrekontuaren lehentasunak udal zerbitzuak mantentea eta azpiegiturak hobetzea dira, “auzotarrei ongizate handiagoa emateko”. Hori horrela, helburu horiek burutzeko 186.200 euroko inbertsio erreala zehaztu dute; iazkoa baino %13,3 handiagoa.
Inbertsio erreal horretatik Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren egokitzapen prozesura zuzendutako inbertsioa da nabarmena, 40.000 eurotako diru saila aurreikusi baitute. Planaren berrikuspenari hasierako onespena udaberrian ematea da udal arduradunen helburua.
Besteak beste, udal eskola hobetzea aurreikusi dute, eta 10.000 euroko diru saila gorde dute horretarako
Juan Felix Naberan Gautegiz Arteagako alkatearen berbetan, batez ere, herritarren ongizatea eta zerbitzuen bermea gailentzeko hobekuntza lanak egingo dituzte: “Udal mailan egiten dugun lana etengabea izan behar da, ongizatea eta zerbitzuen bermea gailentzeko. Horregatik, ados gaude helburu horrekin bat datozen lanak egiten. Obra txikiak eta asmo handiagoko proiektuak egingo ditugu, baina guztiak gure herriko bizimodua hobetzera bideratuak”.
Aurreikusitako egokitze lanei dagokienez, besteak beste, udal eskola hobetuko dute, eta 10.000 euroko diru saila aurreikusi dute horretarako. Mediku kontsultaren lurzorua eta Tabernazarreko haur parkea hobetzeko, berriz, 20.000 euroko diru saila gorde dute; 10.000 euro obra bakoitzeko. Hilerriko hezurtegia egokitzeko lanek, berriz, 8.000 euroko kostua izango dutela diote.
Horiez gain, herriko plaza birmoldatzeko proiektua idaztea ere aurreikusi dute, eta horretarako 10.000 euroko diru saila gordeko dutela jakinarazi.
Herriko hirisgarritasuna ere hobetu gura dute udal agintariek. Horretarako, bide publikoko zoladuran hobekuntzak egingo dituztela adierazi dute, besteren artean, Zelaietako kalean. Kanalan ibilgailuen joan-etorria baretzeko jarduerak ere egingo dituztela jakinarazi dute.
Herriko plaza birmoldatzeko proiektua idaztea ere aurreikusi dute
Kultur eta kirol zerbitzuak. Gautegiz Arteagako Udalak kultur eta kiroldegi zerbitzu osagarriak eskura jarri nahi dizkie herritar guztiei. Horretarako, herrikoak ez diren instalazioak edota udal zerbitzuak erabiltzeagatik arteagatarrek ordaindu behar dituzten gehigarriak ordaintzen laguntzeko diru saila 9.0oo eurotan mantenduko du udalak. Herrikoak ez diren kiroldegi publikoak, euskara ikastaroak, musika eskola publikoak eta udal haurreskolak erabiltzeagatik lagunduko ditu herritarrak.
Gainera, dinamizazio soziokulturalari laguntzeko asmoz, udal aurrekontuan herriko kirol eta kultur elkarteentzako diru lagutzak ere zehaztu dituzte; 10.000 euroko zenbatekoa zuzenduko dute horretarako. Gainera, Kanalako Gizarte Etxeari eta Kanalako Jai Batzordeari zuzendutako diru laguntzak ere aurreikusi dituzte.