Busturialdeko zortzi enpresak ekintzailetza sustatuko dute startup-en bitartez
Eskualdeko Behargintzek eta zortzi enpresek, elkarlanean, enpresa sarearen lehiakortasuna eta berrikuntza hobetzeko proiektua jarri gura dute martxan.
Eskualdeko ekintzailetza eta berrikuntza sustatzeko asmoz, Gernika-Lumoko eta Bermeoko Behargintza zentruek eta Busturialdeko zortzi enpresek bat egin dute programa aurreratu bat elkarregaz bultzatzeko. Maier, TDG Clamping Solutions, LGK, Egoin, Pevasa, Echebastar, Albacora eta Wartsila dira eskualdeko programan parte hartu dutenak.
Enpresa sarearen lehiakortasuna eta berrikuntza hobetzeko proiektua jarri gura dute martxan, eta horretarako, eskualdean lan egiten duten startupetara edota informazio eta teknologiak erabiltzen dituzten enpresetara jo dute arduradunek. “Enpresen garapena berrikuntzaren menpe dago neurri handi batean, eta berrikuntza horrek ekintzaileen eta barne-ekintzaileen lana uztartzea eskatzen du. Hori horrela, enpresek berrikuntza behar dute, eta starupekin lan egin”, adierazi zuen Jon Lejarraga Lanbideko presidenteak Gernika-Lumoko Elkartegian.
Ekimena Bizkaiko Foru Aldundiaren Bizkaia Orekan estrategiaren barruan dago kokatuta, eta eskualdeko egiturak indartu gura ditu. “Enpresa jarduera berriak abian jartzen lagundu nahi du proiektuak, talentua erakartzeko”, dio Lejarragak, eta enpresa ekimen berritzaileak garatzeko gai izango den ekintzailetzaren ekosistema sortzeko helburua beteko duela ere uste du Lanbideko presidenteak.
Metodologia irekia. Lan dinamikaren helburua da enpresen berrikuntza eta dibertsifikazio beharrak startup-etara hurbiltzea, enpresa traktoreak erreferente lehiakor bihurtu daitezen irtenbideak proposatu asmoz. Izan ere, korporazioek ateak ireki ditzatela bilatu gura dute, “euren ezagutza, hazkunde, eta dibertsifikazio estrategiak partekatzeko”.
Ekimen berrirako proposatu duten estrategia motak enpresei “oso emaitza onak” eman dizkietela dio Lejarragak, eta eskualdean ere hori lortzearen alde egingo dute.