Santanape eta Malosteko aldagelak uda aurretik berrituko ditu kirol patronatuak
Malosteko hiru aldagela berrituko dituzte, eta Santanapeko lau. Abonatuentzako ikastaroetan izena emateko plataforma ere jarriko du martxan Gernika-Lumoko kirol patronatuak.
Kirol patronatuak herriko kirol instalazioetan hainbat hobekuntza egingo ditu hurrengo hilabeteetan. Hala, datorren hilabete honetan Malosteko hiru aldagela berriztuko dituela jakinarazi du, eta, ekainean, Santanapen gauza bera egiteko asmoa duela esan.
Malosteko aldageletatik hiru berrituko ditu tokiko administrazioak, eta horretarako 7.546 euroko aurrekontua aurreikusi dute. Besteren artean, leihatila pertsonalizatuak, eta esekitoki eta banku berriak jarriko dituzte.
Ekainera begira, Santanape kiroldegian ere gauza bera egiteko asmoa du kirol patronatuak. Hala, kiroldegiko lau aldagela hobetzeko 74.429 euro inbertituko dituztela jakinarazi dute arduradunek. Horrez gain, kiroldegiko erabiltzaileek spinning modu birtualean praktikatzeko aukera izango dute martxotik aurrera; zerbitzu hori hornitzeko inbertsioa 3.500 eurokoa izango da. Gogoratu dutenez, iaz, Santanapeko makineria berriztu zuten: spinning praktikatzeko bost bizikletaz gain, press banka egiteko bi makina, eta pisuak altzatzeko bi barra erosi zituzten.
Urbietari dagokionez, aparkalekua handitu egingo dute, eta ibilgailuentzako 40 aparkaleku izatetik 60 izatera igaroko da; lanok 3.000 euroko kostua izango dute.
Plataforma digitala. Kirol patronatuak kirol instalazioetan izena emateko plataforma berria jarri gura du martxan. Hori horrela, abonatuek kiroldegiko ikastaroetan online eman ahalko dute izena. Uda aurretik martxan jarri gura dute, eta hori bultzatzeko 5.408 euroko aurrekontua aurreikusi du.