Kultur zerbitzuak sendotu ditu Gernika-Lumoko Kultur Etxeak
Udalak balantze positiboa egin du eskaintzen diren jardueretan herritarrek duten parte hartzeari buruz. Kultur Etxean burututako kultur jardueretan, esaterako, adin guztietako 100 ikasle baino gehiagok parte hartu zuten.
Gernika-Lumoko Kultur Etxeak eskaintzen dituen kultura zerbitzuek “harrera ona” izan zuten 2019an, eta “datu onak baino gehiago” izan zituztela adierazi dute udal ordezkariek.
Jokin Garatea udaleko kultur zinegotziak adierazi duenez, programa propioak antolatzea bezain garrantzitsua da erakunde eta sortzaileekin egiten diren lankidetzak: “Herritarrak eta artistak izan behar dira udalerriko bizitza kultural eta artistikoan aktiboki parte hartzen dutenak. Horrela, euren jarduerak eta sorkuntzak sustatuko ditugu”.
Iazko datuen arabera, Kultur Etxean burututako kultur jardueretan –tailerrak, erakusketak, hitzaldiak– adin guztietako 100 ikasle baino gehiagok parte hartu zuten. Era berean, arte eszenikoen iazko programazioak 60 ikuskizun baino gehiago erregistratu, eta 6.376 pertsona erakarri zituen; 3.815 izan ziren helduak, eta 2.561 haurrak.
Udal liburutegiak, bestalde, 47.250 dokumentuko bilduma bibliografikoa dauka. Guztira 5.957 dira bazkideak, eta joan den ekitaldian 20.271 mailegu egin ziren.
Musika sendotzen. Segundo Olaeta Musika Eskolak arautu gabeko musika irakaskuntzaren eskaintza sendotu zuen iaz. Izan ere, 405 ikasle matrikulatu ziren musika tresen eta talde jardueren 19 espezialitateetako batzuetan.
Gazte Informazio Bulegoak bere zerbitzuak on line eskaintzeko joera sendotu zuen. Udal agintarien iritziz, eskualdeko gazteentzat mesedegarria den lan ingurune baten garapenean duen inplikazioa ere garatu zuen bulegoak.