Lurgaia Fundazioak Undabaso baso bihurtzen jarraituko du zapatuan
Lurgaia Fundazioak landaketak egiteko jardunaldia antolatu du zapaturako Ibarruriko Undabason. Bertan egon nahi duenak aurretiaz eman beharko du izena; bihar da horretarako azken eguna.
Undabaso baso bihurtzen jarraituko dute zapatuan. Lurgaia Fundazioak landaketak egiteko jardunaldia antolatu du zapaturako Ibarruriko Undabason. Hitzordua 09:00etan jarri dute Astei jatetxearen aurreko aparkalekuan.
Landaketetan parte hartu gura duten boluntarioek aurretiaz eman behar izango dute izena, eta bihar da hori egiteko azken eguna. Bertan egon gura duenak, info@lurgaia.org helbide elektronikora mezu bat bidali beharko du.
Zapatukoa lan hezigarria izango dela jakinarazi dute fundaziokoek, zuhaitzak landatuz Urdaibaiko harizti mistorik handiena lortzeko lanean jarraituko dutelako. “Landatzen jarraitzen dugu! Negua ahalik eta gehien aprobetxatuko dugu. Aurten oso handinahiak gara landatu nahi dugun zuhaitz kopuruarekin, eta ez dugu gelditu nahi. Geure errekorra gaindituko dugu”, adierazi dute fundazioko kideek.
Hori horrela, inguruko herritarrei zapatuko jardunaldian parte hartzeko deia egin diete: “Undabason ikusiko dugu elkar, zaintzan ditugun lursail berrietan, zuhaitz eta zuhaixka gehiago landatzeko”.
Oraingoan ere, Lurgaia Fundazioa arduratuko da materiala eramateaz. Izan ere, Basoeskolen proiektuarekin jarraitzen dute, eta BBK Fundazioak egun horretarako behar den guztia finantzatzen laguntzen diela adierazi dute.
Parte hartzaileei kantinplora eta bazkalordurako behar duten janaria eramateko eskatu diete. Bai eta, eguraldiaren araberako arropa eta oinetakoak erosoak eramatea ere.