Gernika-Lumora gerturatzen den bisitari bakoitzak hamar euro gastatzen ditu udalerrian
Iazkoan 74.317 pertsonak bisitatu zuten Gernika-Lumoko Turismo Bulegoa; horietatik %38 kanpotik etorritakoak dira.
Gernika-Lumora iristen diren bisitarien kopurua eta gastua zelakoa den aztertu du udalerriko Turismo Bulegoak; iaz 74.317 pertsonak bisitatu zuten bulegoa, eta udalerrira banaka gerturatzen direnek, batez beste, udalerrian hamar euro gastatzen dituztela ondorioztatu dute. Taldeka hurbiltzen diren bisitariek, berriz, hiru aldiz gutxiago gastatzen dute; hiruna euro bakoitzak.
Bisitarien egonaldia eta gastua aztertzeko, Gernikako Behatoki Turistikoa izeneko tresna erabili dutela zehaztu du Amaia Garcia Gernika-Lumoko Turismo Bulegoko zuzendariak: “Behatokia oso tresna erabilgarria da, izan ere, udalari urtean udalerrian zelako turismo aktibitatea egon den zehazten dio; hau da, bisitarien denbora eta inpaktu ekonomikoa zenbatekoa izan den kalkulatzen du. Datuak oso fidagarriak dira gainera”.
Hamar edo hiru euroko inpaktu horrek bisitariek udalerrian igarotzen duten denborarekin lotura zuzena daukala dio Garciak. Izan ere, udalerrira banaka gerturatzen diren turistek egun osoko edota egun erdiko plangintzak zehazten dituzte, “eta horiek dira gastu handiena egiten dutenak”.
Joan den urtean zehar, bisitarien %74ak igaro zuen egun erdia edota egun osoa udalerrian; aurreko urtean baino %2k gehiago. “Udalerria 15 minututan zehartu daiteke, baina egun osoa edota erdia geratzea erabakitzen badute, udalerrian dagoen eskaintza turistikoari esker da”, esan du Garciak. Eta leku esanguratsuez gain, udalerriko ostalaritzaren kalitatea azpimarratu du.
Bisitarien aurre planifikazioa ere “oso garrantzitsua” dela deritzo Turismo Bulegoko zuzendariak, eta horretarako, ‘Gernika’ markak interneten presentzia handia izatea “beharrezkoa” dela uste du. “Udalerrira datozen %69k interneten aurkitu dute ‘Gernika’ hitza” esan du, eta hori Google Trends erabiltzaileagaz neurtu duela zehaztu du. Datu horiek ‘Gernika’ marka sarean gero eta hobeto kokatuta dagoela dio zuzendariak.
Gernikari buruzko bilaketa gehienak, gainera, abuztuan udalerriko jaietan zehar edota bonbardaketaren urteurrenean egiten dituztela zehaztu dute arduradunek. Eta bilaketa horiek munduko toki guztietatik egiten dituztela azaldu dute: “Ipar eta Hego Amerikatik, Australiatik, Japonetik edota Europatik bilatzen dute ‘Gernika ‘ marka”.
Turismo Bulegoak 74.000 pertsona baino gehiagori eman zien arreta. Eta turismo bulegotik pasatutako 100 pertsonetatik 38 atzerritarrak izan zirela jakinarazi dute. Atzerritik gerturatutako gehienak frantsesak izan ziren, baina alemaniarren eta estatubatuarren presentzia ere nabarmendu dute turismo arduradunek. Argentinarrak ere gero eta gehiago hurbiltzen direla adierazi dute gainera.
Gerturatzen diren turistak, normalean, euren kotxe partikularretan hurbiltzen direla ere zehaztu dute; %89 autoz eta %11 garraio publikoan.
Bisitari gehien hartzen dituen asteko eguna astelehena da, “bisitak merkatu plazagaz bat egiteko”. Hilabeteei dagokienez, berriz, abuztuan gerturatzen dira turista gehienak. “Abuztuko astelehenetan, batez beste, 1.300 bisitari izaten ditugu udalerriko kaleetan”, dio Garciak.
Liburuxka. Turisten egonaldia hobetzeko eta eurek Gernika-Lumorekiko duten ikuspegia hobetzeko asmoz, udalerriko ostalaritza suspertzeko liburuxka kaleratu dute. “Bisitarien egonaldia luzatzeko eta ostalaritzari laguntzeko publikatu dugu liburua”, adierazi du Iñigo Magunagoikoetxea Turismo zinegotziak.
40.000 ale argitaratu dituzte lau hizkuntzatan: gazteleraz, euskaraz, frantsesez eta ingelesez, eta bertan udalerriko jatetxe eta tabernak ageri dira. Guztira udalerriko 39 establezimenduk parte hartu dute, 18 jatetxe tradizionalek eta 21 tabenek. “Gernika-Lumoko eskaintzaren %50a baino apur bat gehiago da, eta eskertzekoa da ostalarien parte hartze hori”, dio zinegotziak.