Final-hamaseirenetako erronkari aurre egiteko prest
Lointek Gernika Bizkaiak Eurokoparen final-hamaseirenetako joaneko partidua jokatuko du bihar, 20:00etan, Malosten. KSC Szekszard talde hungarriarra izango dute aurkari, eta irabazteko norgehiagoka zaila izango dela uste dute.
Eurokopako final-hamaseirenetako txartela eskuratuta, lehenengo erronkari aurre egiteko prest daude Lointek Gernika Bizkaiako jokalariak. KSC Szekszard talde hungarriarra izango dute aurkari bihar, 20:00etan, Malosten.
Asteburuko partidua irabazi ostean, atzo hasi ziren prestatzen biharko norgehiagoka. Mario Lopez gernikarren entrenatzaileak aurkariak aztertu ditu, eta talde hungariarreko jokalarien artean hiru nabarmendu ditu: Dojkic, Marshall eta McCall. “Hiru jokalari horiek dira saskiratze gehien lortzen dituztenak, eta kontu handiz ibili beharko dugu eurekin. Jokalari hungariarrak ere oso onak dira, argi dute bakoitzaren zeregina zein den”, adierazi du Lopezek. Ruzickova ere “oso jokalari ona” dela dio.
Talde modura, euren defentsa lana nabamendu du entrenatzaile gernikarrak: “Aurkariaren eta partiduko egoeraren arabera defentsa aldaketa asko egiten dituzte. Kantxa osoan zehar, zein atzean intentsitate handiz defendatzen dute, erritmo handia dute”. Erasoan, berriz, bat-baten aurkako jokaldietan eta zuzeneko blokeoetan lortzen dituztela abantailak azaldu du Lopezek.
Gaby Ocete: “Elkarregaz jokatu eta ondo egiten gaudenagaz jarraitu behar dugu”
Lehenengo faseko aurkariek baino esperientzia handiagoa du talde hungariarrak Europan. Izan ere, final-zortzirenetara iritsi dira behin baino gehiagotan. “Badakigu noren aurka jokatzen dugun. Irabaz daitekeela pentsatu behar dugu”.
Naiara Diez Lointekeko kapitainak Eurkopako taldeen maila “oso altua” dela adierazi du: “Badakigu aurrera pauso bat ematen dugun bakoitzean gero eta aurkari zailagoekin egingo dugula topo. Hemen jokatzen duten talde gutziek oso maila altua dute”.
Gaby Ocetek, berriz, talde gernikarrekoen gogoak nabarmendu ditu: “Esperientzia ondo dago, baina irabazteko gogoei dagokienez, ez digute irabazten, eta hori da garrantzitsuena”. Taldean ere esperientzia asko duten jokalariak dituztela gehitu du, eta hori ere azpimarragarria dela dio.
Momentu onean. Lointekeko jokalariak momentu onean daude. Ligan hirugarren postuan daude, eta Europan aurrera egitea lortu dute. “Biharkoa irabazteko partidu zaila da, baina taldea oso ondo heltzen da, momentu onenetariko batean gaude, prest”, onartu du Diezek.
Mario Lopez: “Hungariarrak ere oso onak direa; argi dute bakoitzaren zeregina zein den”
Ocetek taldea “gogotsu” dagoela dio: “Momentuz ez dugu norgehiagokarik galdu aurten, eta gogotsu gaude. Talde modura asko hobetu dugu, eta final-hamaseirenak une egokian hartzen ditugula uste dut. Pausoz pauso kanporaketak pasatzen joateko asmoa daukagu. Norgehiagoka polita izango dela uste dut”. Aurrerantz jarraitzeko, gainera, aurkaria ezagutu behar den arren, talde modura ondo jokatzean dagoela gakoa uste du: “Talde modura ondo ulertu behar gara, elkarregaz jokatu eta ondo egiten gaudenagaz jarraitu behar dugu”.
Malosten lehenengoa. Talde hungariarraren aurkako lehenengo norgehiagoka finaltzat hartu dute talde gernikarreko jokalari eta entrenatzaileek, Malosten irabazteak berebiziko garrantzia duela azpimarratuz.
“Guretzako finala da, horrela prestatuko dugu”, dio Lopezek, eta kanporaketa gainditzearen gakoetako bat biharko partidua irabaztean dagoela uste du: “Ahalik eta norgehiagokarik onena egiten ahalegindu behar gara. Badakigu aurkaria oso gogorra dela. Baloi, saskiratze, eraso eta defentsa bakoitza gogor lehiatu behar ditugu”.
Naiara Diez: “Partidu zaila da, baina momentu onenetariko batean gaude, prest”
Bigarren partidua etxean jokatzea nahiago du Lopezek, “kanpoko emaitza makalak etxean konpondu daitezkeelako”. Hala ere, bihar ahalik eta emaitzarik onena eskuratzen saiatuko direla onartu du.
Taldeko kapitainak ere, biharko partiduaren garrantzia azpimarratu du. Kanporaketa, baina, ez dela 40 minutukoa dio, 80koa baizik. Izan ere, gero Hungariara joan beharko dute: “Lehenengo partidua finala izango da guretzat, baina kanporaketa 80 minututakoa da. Horregatik, etxean garaipena lortu nahi dugu, eta horretarako gauzak oso ondo egin behar ditugu. Gero Hungariara joatea tokatuko zaigu, eta ez da norgehiagoka erraza izango”.