Ekintzaileei laguntzeko 8.275 euro bideratuko ditu Lanbidek Busturialdean
Lanbidek ekintzailetzarako laguntzei buruzko deialdia jarri du martxan. 8.275 euro banatuko dituela adierazi du, "dinamismo ekintzaileari laguntzeko".
Gernika-Lumoko Udalak Lanbide Enplegurako Euskal Zerbitzuaren eskutik, Busturialdeko ekintzaileentzako laguntzak emateko deialdia ireki du. Guztira, 8.275 euro banatuko dituzte eskualdeko ekintzaileen artean.
Gaur egungo egoeran udalerriko eta inguruko ekonomia hasi eta garatu dadin, ekintzailetzak duen dinamisazioa bultzatzea “ezinbestekoa” dela uste du udalak. Horretarako, eskualdeko ongizatea bultzatzeko ekintzaleei beraien prozesuan laguntzea “beharrezkotzat” ikusi dute.
Laguntza horiekin ekintzaileei ideiak sortzen lagundu gura diete, “sortutako ideiak balioan jarri eta burutu ditzaten”. Ideiak sortzeko unean eragiteaz gain, ideia burutzeko sasoian ere eragin gura dute: “Ideiak definituta daudenean eta bideragarriak direnean ere eragin gura dugu, ideia horiek martxan jartzen laguntzeko”. Diru laguntzez gain, Lanbide Ekimenak Zentroak aholkularitza zerbitzuak ere emango dizkie parte hartzaileei.
Gazteei arreta berezia. Arduradunek zhaztu dutenez, gazteen jardunari emango diote arreta berezia oraingoan. Izan ere, 30 urte baino gutxiago dutenei eta emakumezkoak diren ekintzaileek diru laguntza handiagoak emango dizkiete, “balio irizpideetan puntuazio handiagoa emanda”.
Ideia enpresarialak garatzen laguntzeko banatuko duten gutxieneko kopurua 1.000 eurokoa izango da, eta 18 eta 30 urtera bitarteko gazteek eta emakumezkoek kopuru hori baino %15 gehiago jasoko dutela jakinarazi dute arduradunek.
Halaber, proiektu enpresarialak martxan jartzeagatik emango duten gutxieneko kantitatea 1.500 eurokoa izango da, eta kasu honetan ere, diru hori baino %15 gehiago jasoko dute gazteek eta emakumeek.
Izen ematea. Ekimen honetan parte hartu gura duten ekintzaile guztiek Gernika-Lumoko Lan Ekimenak zentroan aurkeztu beharko dituzte eskabideak –Alhondiga kaleko 6. zenbakian–. Bertara hurbildu ezin duenak, berriz, www.lanbide-ekimenak.eus helbide elektronikora idatzita edota hurrengo telefono zenbakira deituta aurkeztu ahal izango ditu eskabideak: 64 625 57 58.