Pentsio publiko eta duinak defendatzeko aukera onena greba orokorra dela esan dute pentsiodunek
Pentsio publiko eta duinen defentsan kalera atera dira, beste behin, Busturialdeko pentsiodunak. Euren arrazoiak azaldu eta eskuorriak banatu dituzte Gernika-Lumoko Merkatu plazan.
Pentsio publiko eta duinen defentsan kalera atera dira, beste behin, Busturialdeko pentsiodunak. Oraingoan ez dute elkarretaratzea egin, manifestazioan batu dira urtarrilaren 30erako greba orokorrera dei egiteko. Euren arrazoiak azaldu eta eskuorriak ere banatu dituzte Merkatu plazan.
“Gure inguruko herritar eta lagunei gure grebaren arrazoiak azaldu dizkiegu herriz herri, eta inguruko bizilagunen erantzuna ona izan da”, adierazi dute pentsiodunek. Hala, hurrengo hamar egunetan bide bera egiten jarraituko dutela adierazi dute: “Ezin dugu horrela jarraitu, gure pentsioak defendatu eta prekarietateagaz bukatu behar dugu”.
Duela bi urte hasi ziren mobilizatzen pentsiodunak, eta gobernuan dagoena dagoela ere, pentsioak defendatzen jarraitzeko asmoa dute: “Hamaika arrazoi asko daude greba egiteko”. Espainiako Gobernuak pentsioei buruz idatzi, sinatu eta publiko egindako programa ituna gogoratu dute, baina ez dela nahikoa deritze: “Pentsioen urteko igoera KPI errealaren araberakoa izango dela dio itunak, eta horrek 2013an PPk ezarritako iraunkortasun faktoreagaz bukatzea dakar; erreforma horrek pentsioen igoera %0,25era mugatzen zuen. 1.200 euroko LGSera pixkanaka iristeko konpromisoa ere hartu dute, eta ustez lau urteko legegintzaldiko denbora guztian burutuko omen dute”. Itunak, gainera, 2012ko lan erreformaren neurri murriztatzaileak berrikustea aurreikusi duela ere azaldu dute. Hala ere, pentsio baxuenen igoerari buruz ez dela ezer aipatu edo zehazten adierazi dute.
Euskal Autonomia Erkidegoari erreparatuz, 2020rako aurrekontuetan ere ez dela jasotzen gutxieneko pentsioak 1.080 eurokoak izatea salatu dute; igoera %4ra mugatu dute. Egoera horren aurrean, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako Pentsiodunen Mugimenduak aldarrikapen “bidezkoak, arrazoizkoak eta gauzagarriak” eskatzen jarraitzen duela adierazi dute, eta Busturialdeko pentsiodunek bat egin dute horiekin. “Elkarretaratze eta mobilizazio etengabeen ondoren, egiten jarraitzea baino ez da geratzen. 0,25a birrindu egin genuen, eta oraingoan ere, gure eskubideen alde, greba orokorra defendatuko dugu”.
Argazki erraldoia. Greba orokorra “arrakastatsua” izatea gura dute: “Guztiok bat eginda, mobilizazio hori arrakastatsua izatea lortuko dugu, estatuko beste herri batzuentzat erreferentzia izateko. Gure eskaerak adi entzun ditzaten bilatuko dugu, gero, behar bezala erantzun diezaguten”.
Hala, Gernika-Lumon eta Ondarroan grebagaz bat egiteko deialdiak egingo dituzte egunotan. Eguaztenean 18:30ean prentsaurreko “masiboa” egingo dute Auzokoa aurreko eskaileretan. Ondarroan, berriz, greba batzordeak deituta, greba deialdia egiteko argazki erraldoia aterako dute eguenean, 18:00etan, Alde Zaharrean.