Urtarrilaren 31 baino lehen jaso beharko da TAO txartela
Interesatuek erakundeak Gernika-Lumon daukan bulegora (Iñigo Lopez de Haro kalea, 6) joan beharko dute TAO txartela jasotzera.
Gernika-Lumoko Udalak jakitera eman duenez, TAO txartelaren ordainketa helbideratuta daukaten gernikarrek urtarrilaren 31ra arteko epea dute beraien egoiliar txartela jasotzeko. Orain arte egin legez, interesatuek erakundeak Gernika-Lumon daukan bulegora (Iñigo Lopez de Haro kalea, 6) joan beharko dute txartela jasotzera.
Txartelak jasotzeko ordutegia astelehenetik eguenera bitartean 09:30etik 13:30era eta 16:30etik 19:30era dela adierazi dute. Barikuetan eta zapatuetan, berriz, 09:30etik 13:30era jaso ahalko dituzte txartelak.
Gainera, gaiari buruzko informazio edo argibide gehiago nahi izanez gero, 94-625 73 19 telefonora deitu beharko dute herritarrek.
Isunak. Halaber, otsailaren 1etik aurrera TAO guneetan aparkatutako autoek 2020ko eranskailua jarrita eduki beharko dutela gogorarazi du. Izan ere, txartela jarrita ez duten egoliarren ibilgailuei isuna ipiniko zaie.