Europako ondarea ezagutzeko bidaiatzen
Erasmus + programaren proiektu bateko kide da San Fidel ikastola, Cataniako, Greziako eta Londreseko beste hirugaz batera. Tokian tokiko ondare kulturala ezagutzea dute helburu.
Bidaiatzea da munduko herrialde desberdinak ezagutzeko modurik eraginkorrena. Herri edo hiriak bisitatuz, tokian tokiko kultura, historia, artea edota musika ezagutu daitezke. Hala, ezagutza horiek jasotzeko bidaian hegazkina hartu, eta hegan egin dute Gernika-Lumoko San Fidel ikastolako ikasleek.
Europako ondare kulturala ikastea, aztertzea eta ezagutzea helburu duen proiektuan parte hartzen dabiltza San Fidelekoak; hain zuzen, Erasmus+ programaren baitako Loving Europe Throught Sites proiektuaren parte dira LH 6. mailako ikasleak. Eurekin batera, Greziako, Londreseko eta Cataniako (Sizilia, Italia) ikastetxe desberdinetako ikasleek parte hartzen dute.
Horrela, hezkuntzan horren garrantzitsuak diren kulturartekotasuna eta historia ezagutzeko aukera daukate. “Europako gune eta monumentu historikoak bisitatuz, tokian tokiko ondare kulturalari buruzko ezagutza areagotzea bilatzen du proiektuak. Hala, Europaren berezitasun nabarmenak errespetatu eta ulertuko dituzte ikasleek2, azaldu dute San Fidel ikastolako irakasleek. Horretarako, historia, musika, literatura, kirola, mitologia, zientzia edota artea bezalako arloak aztertuko dituzte, “horiek ordezkatzen dituzten guneak eta monumentuak bisitatuz”.
Bidaiaren lehen geldialdia Catanian (Sizilia, Italia) egin zuten ikasleek abenduaren 10etik 14ra bitartean, eta hango leku esanguratsuenak ezagutu zituzten. Besteren artean, Ursinoko gaztelua, Cataniako katedrala, U Liotru iturria, Massimo Bellino antzerkia, Etna sumendia edota Taorminako Antzinako Antzokia. Italiarrak izan dira lehenengo anfitrioiak, eta leku bakoitzeko ezaugarri berezienak azaldu zizkieten ikasleei.
Harremanak sustatuz. Alde batetik bestera gustura ibili ziren gernikarrak Sizilian: “Talde txikietan banatu ziren eurak, eta non geunden azaltzen ziguten beti. Leku bakoitzeko momentu edota ezaugarri berezienak azaldu zizkiguten ingelesez, eta ondo moldatu ginen”.
Ondare kulturalari erreparatzeaz gain, ikasleen arteko harremanak sustatzeko ere baliagarria izan zen bidaia: “Esperientzia oso ona izan zen Italiakoa, bikaina benetan. Gure ikasleak oso pozik ibili ziren, eta beste ikastetxeetako ikasleekin ondo moldatu ziren. Hasierako lotsak kendu eta ingelesa ere praktikatu zuten. Oso dinamikoa izan zen dena”.
Lekuak ezagutzeaz gain, Cataniako ikastetxeko saio batzuetan ere parte hartu zuten ikasleek, eta bestelako ekintzak ere egin zituzten. “Bertara joan aurretik ere lan egin behar izan genuen, guztien artean proiektuarentzako maskota bat egin behar genuelako. Guk gorputza asmatu genion, eta beste herrietakoek maskotaren beste atalak osatu behar izan zituzten”, azaldu dute San Fideleko irakasleek. Halaber, logoa Catanian egin zutela aitortu dute.
Proiektuaren hurrengo geldialdia udalerrian izango da, martxoaren 30etik apirilaren 3ra bitartean. Eta zehaztuta dituzte Londreseko, Italiako eta Greziako ikasleei erakutsi beharrekoak; besteak beste, azalduko diete Jai Alai frontoia, Batzarretxea, Picassoren koadroa eta asteleheneko azokak direla Gernika-Lumoko toki esanguratsuenak.
Kontalari eta gidari izateaz gain, egutegi kultural bateratua eratuko dute elkarregaz. Horretarako, martxoaren 30a baino lehen, toki bakoitzeko jai egunak zeintzuk diren zehaztu beharko dute: “Bidaiekin gozatu egiten dugu, baina proiektua ikasturte guztian garatzen dugu. Bidaiak gozatzeko dira, baina bidaiatu baino lehen gauzak prestatu behar dira. Ostean, berriz, egindakoak gogoratu eta eginkizun berriak zehaztu”.
Aurrera begira. Aurretiko eta osteko lanketak proiektuak burutzeko egin beharreko lanaz jabetzea dakar. Lan gogorra dela diote, baina egiteko desiatzen daude. “Lan gogorra da, gauza asko kontuan eduki behar direlako. Hala ere, gustura egiten dugu. Izan ere, umeen poztasunaz jabetzen gara, ikusi egiten dugu zenbat hunkitzen diren horrelako ekintzak antolatzen ditugunean”, aitortu dute San Fideleko irakasleek.
Esperientziagatik eta beste kulturetako herritarrak ezagutzeagatik bakarrik, hori bizitzeak merezi duela diote: “Hilean behin Skype bidez hitz egiten dugu beste ikasleekin. Hartu emanetan jarraitzen dugu. Lanak eta esfortzuak merezi dute”.