Ibarrangeluko frontoiaren argiztapena berriztu du udalak
Aurrezpen energetiko eta ekonomikoa bultzatu gura izan du Ibarrangeluko Udalak. Lanok burutzeko 36.062,13 euroko aurrekontua behar izan dute.
Proiektuagaz aurrezpen energetiko eta ekonomikoa bultzatu gura izan dute udal agintariek. Horretarako, argi ikerketa burutu zuten, eta argiterian LED sistema erabiliz hobekuntza nabarmena lortzen zela ondorioztatu zuten.
“Orain dela zortzi urte auditoretza bat egin genuen, eta aurrezpen energetikoaren alde egin zuen Ibarrangeluko udalak”, adierazi dute udal ordezkariek. Hori horrela, frontoiko argiteria berritzeko proiektua aurtengo Eusko Jaurlaritzaren jasangarritasun energetikoaren legearen barnean kokatzen dela jakitera eman dute.
Lanok burutzeko 36.062,13 euroko aurrekontua behar izan dutela zehaztu du udalak. Horietatik 20.437,28 euro Bizkaiko Foru Aldundiak emandakoak izan direla jakinarazi du, ingurumen saileko programaren barneko diru laguntza modura; obraren %60 izan da aldundiak bere gain hartutakoa.