Enpresen zibersegurtasuna eta digitalizazioa aztertuko dituzte bihar, Ekoetxea Urdaibain
Busturiko Madariaga Dorretxean 10:00etan jarri dute hitzordua. Saioak bi ordu iraungo ditu, eta eraldaketa digitalak eta ziberseguratasunak enpresetan duten garrantzia landuko dituzte.
Gernika-Lumoko eta Bermeoko Behargintza erakundeek enpresen zibersegurtasunari eta digitalizazioari buruzko jardunaldia antolatu dute biharko Busturiko Madariaga Dorretxean; 10:00etan jarri dute hitzordua, eta saioak bi ordu iraungo dituela aurreratu dute.
Industriaren digitalizazioak gero eta aurrerapen handiagoak ekarri dituela ardatz hartuta, garapen horrek enpresen kudeaketan eta errentagarritasunean zelan eragin duen aztertuko dute bihar. Horrez gain, digitalizazioak segurtasun mehatxu berriak ekarri dituela ere ikusiko dute, eta horiek ahalik eta berme handienekin kontrolatu behar direla diote, “kalte garestiak saihesteko”.
Hori horrela, biharko jardunaldian ingurune global eta aldakor batean dauden teknologia disruptiboak izango dituzte aztergai. “Eraldaketa digitalak eta ziberseguratasunak enpresetan duten garrantzia landuko ditugu”, azaldu dute antolatzaileek.
Ekimenak maila handiko hizlariak izango ditu, hala nola, Beatriz Plaza EHUko ekonomia eta enrpesa fakultateko irakaslea, Jon Ander Ormaza Tecnaliako ICTko Merkatu zuzendaria eta Basque Cibersegurity Centerreko ordezkari bat.
Interesatuek informazio gehiago jaso dezakete Gernika-Lumoko Lanbide Ekimenak zentroan –Alondegia kalea, 6, Gernika-Lumo–, 94-625 57 58 telefono zenbakira deituta edota posta elektronikoaren bidez: akortazar@lanbide-ekimenak.eus eta behargintza@bermeo.eus.