"Urtarrilaren 30ean Busturialdea geratu behar dugu"
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta, urtarrilaren 30ean greba orokorra egingo dute Bizkai, Araba eta Gipuzkoan. Halaber, egunean Gasteizera joateko deia egin dute Busturialdeko pentsiodunek.
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta, urtarrilaren 30ean greba orokorra egingo dute Bizkai, Araba eta Gipuzkoan. Pentsiodunen aldarriagaz bat egin duten sindikatu eta eragile sozial ugarik osatzen dute karta soziala, eta gaur, Gernika-Lumon, eskualdea “aktibatzeko” deia egin dute pentsiodunek. Hala urtarrilaren 30era bitartean, hainbat ekintza egingo dituztela adierazi dute, “eskualdeari grebaren helburuak azaltzeko eta herritarrak aktibatzeko”.
Bi urtetan zehar etengabeko mobilizazio jendetsuak egiten ibili eta gero, pentsiodunen mugimenduak jauzi kualtitatiboa eman gura zuela iragarri zuen, eta euren borrokara beste kolektibo batzuk gehitu dira. Izan ere, pentsioak gaurko zein etorkizuneko herritarrei eragingo diete.”Guztioi eragingo digun borroka da pentsio sistema publikoa defendatzea, lan harremanetarako eta babes sozialerako sistema propioa lortzea, 1.080 euroko gutxieneko soldata aldarrikatzea edota eros ahalmena bermatzea”, adierazi dute gaur Busturialdeko pentsiodunek Gernika-Lumoko Foruen plazan.
Greba orokorrarekin, gainera, aurretik landutako dinamikekin jarraitu eta prekarietateagaz amaitzeko eta lan baldintzak duintzeko neurriak hartzeko beharrak azaleratuko dituzte. “Urtarrilaren 30ean Busturialdea geratzeko lanean hasi behar gara gaurtik. Busturialdea gelditu behar dugu”, esan dute gaur eskualdeko pentsiodunek. Eta horretarako, badukatela zeregina gehitu dute: “Tailerretan, ikastetxeetan, dendetan, gure arteko taldeetan zein emakume eta gazteekin landu beharreko gaia da urtarrilaren 30ekoa, eta hala egingo dugu”.
Prekarietatea sufritzen duten guztiekin elkartuko direla jakinarazi dute gaur ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek, eta grebaren nondik norakoak landuko dituztela gehitu dute. Eskualdeko lehenengo batzarra abenduaren 17an, 19:00etan, egingo dute Gernika-Lumoko Astran. “Hainbat mobilizazio ditugu deituta hemendik eta urtarrilaren 30era arte, baina gaurtik hasita greba lantzen hasi gura dugu herriz herri. Hala, greba, lana eta pentsio eta eskubide sozial duinak lantzeko batzarrak egingo ditugu”, esan dute sindikatuetako ordezkariek.
Eguenean, Gasteizera. Gaurko asteleheneroko elkarretaratzeetan batzeaz gain, eguenean Gasteizera joango dira eskualdeko pentsiodunak, “orainarteko aldarrikapenak plazaratzera”. Promes egindakotik ekintzetara igarotzeko unea dela diote: “Bizkai, Araba eta Gipuzkoako aurrekontuak erabakitzen daude, eta pentsiodunon eskariak kontutan hartzeko eskatuko dugu”.
Neurriak hartu, sinatu eta behin betikotzeko ordua dela diotenez, autobusa antolatuko dute Gasteizera joateko. 08:30ean Bermeoko Lameratik aterako da, eta 08:40an iritsiko da Busturiara. Gernika-Lumon, 08:50ean jarri dute hitzordua Institutuan eta 08:55ean, berriz, Saraspen. Gasteiztik 14:00etan bueltatuko dira.