Gernika RTk nagusitasun osoz irabazi dio Oviedoko taldeari
70 puntuko aldeagaz nagusitu dira basurdeak. Denboraldiko bederatzigarren garaipena da talde gernikarrarentzat.
Denboraldiko bederatzigarren garaipena, erabateko nagusitasunagaz eskuratu du asteburuan Gernika Rugby Taldeak El Narancon (Oviedo).
Real Oviedo Rugby-ren kontra 7-78 nagusitu zen talde gernikarra, zapatuan. Basurdeak nagusi izan ziren partidu guztian zehar. Hain zuzen, nagusitasun hori fase estatikoetan (bai mele, zein touch-etan) zein joko zabalean nabaritu zen neurketak iraun duen 80 minutuetan. Une batzuetan etxeko taldeak gogor eraso zuen arren, gernikarrak sendo mantendu ziren defentsan. 11. jardunaldiaren ostean, beraz, bost puntu gehiagorekin eta eraso zein defentsan jokalariek erakutsitako jarrerarekin, pozik daude gernikarrak.
Aurreko asteburuan ikusi bezala, jardunaldi honetan ere, basurdeek elkarren segidako zenbait entsegu lortu zituzten, partida hasi eta gutxira markagailuan tartea zabaltzea lortuz.
Partidua hasi eta pare bat minutura iritsi zen neurketako lehen entsegua Langi Lolotongaren eskutik. 12. minutuan Bruno Mercantik Gernika RTren bigarrena egin zuen eta hiru minutu igarota, Simon Lilicamak hirugarrena. 10. jardunaldiko nondik-norakoak errepikatzen ari ziren, izan ere, beste hiru minuturen buruan, Mercantiren laugarrena iritsi zen. Lau entseguak Solomona Parakirek transformatu zituen. Horrela, 20. minuturako markagailuan 0-26koa jartzea lortu zuten basurdeek.
Simon Lilicamak bere bigarren entsegua lortu ostean iritsi zen Oviedoko taldearen erantzuna. Imanol Zelayak egin zuen etxekoen lehen entsegua. 7-33ko markagailuagaz amaitu zuten lehen zatia, eta partiduaren lehen urratsetan gertatu bezala, bigarren zatia hasi bezain pronto gernikarrek beste entsegu bat lortu zuten, Bruno Mercantiren eskutik.
Lehen zatiko dinamikari eutsiz, entseguak lotzen joan ziren; Peio Urrutiarena bat, Simon Lilicamaren beste bat…Solomona Parakik ez zuen ia huts egiten transformazio jaurtiketetan, eta horrez gain, gernikarrentzat bi entsegu lortu zituen. Gero, Eneko Gorostizak partiduko azken entsegua egin zuen.
Bost puntu gehiago. 46 punturekin, gernikarrek sailkapen orokorreko bigarren postuari eusten diote. Getxo RT da Ohorezko B mailaren A multzoko liderra, 54 puntugaz.
Asteburu honetan Kaleido Universidade de Vigo R.C izango du aurkari Gernika Rugby Taldeak, denboraldiko bigarren itzuliari hasiera emateko. Denboraldiko lehen partiduan 76-19 nagusitu ziren basurdeak Urbietan.
Domekan [abenduak 15] 12:00etan hasiko da As Lagoas Marcosendeko partidua. Vigokoak egun bederatzigarren postuan daude sailkapen orokorrean.