Barre algara eta bertso artean, euskararen alde egin dute Kortezubin
Guztira 40 lagun inguru bildu ziren bertso bazkarian, eta horiek guztiek barre algara artean igaro zuten eguerdi eta arratsaldea.
Urtero legez, euskararen alde egiteko asmoz, bertso bazkarian elkartu ziren Kortezubiko txokoan.
Zapatuan zuten hitzordua jarrita, eta kortezubitarrek ez zuten hutsik egin. Guztira 40 lagun inguru bildu ziren bazkaritan, eta horiek guztiek barre algara artean igaro zuten eguerdi eta arratsaldea. Lagunarteko giro bikainean murgildu ziren.
Herritarren artean, hiru gonbidatu berezi zeuden: Andoni Egaña, Onintza Enbeita eta Ander Elortegi. Bertsolari zarauztarra lehenengo aldiz aritu zen Kortezubin, baina Enbeita eta Elortegi hainbatetan aritu izan dira. Euren bertso saioa “oso dibertigarria” izan zen, eta jendeak “barre asko” egin zuen.