Txakolinak eta taloek zaporez bete dute Mundaka
Herriko plaza bertoko txakolinaren erakusleihoa izan da beste behin, eta bi txakolin mota dastatzeko aukera izan dute Mundakara bertaratu direnek. Txakolina, talo eta pintxoekin lagundu dute.
11:00etan eman diote hasiera, Mundakan urteroko hitzordua bilakatu den Txakolin Egunari. Hala, bazkaltzeko ordura bitartean, udaletxeko arkupea eta plaza giroz bete dute bertaratu diren herritar eta bisitariek. Eguna lagun izan dute, eta adin guztietakoek giro aparta sortu dute.
Herriko plaza bertoko txakolinaren erakusleihoa izan da beste behin, eta bertaratutakoek, bi txakolin mota dastatzeko aukera izan dute. Bakioko eta Busturiko ekoizleak eduki dituzte aukeran; Abio eta Amunategi hain zuzen.
Azken urteetan Munduakan egon dira bi ekoizleak, eta gaurkoan eguraldiak asko lagundu duela deritze: “Urtero etorten gara. Jendeak txakolina probatzen du, eta askok Gabonetarako erosten dute. Ederra da plaza”, adierazi dute Busturiko ekoizleek.
Txakolinaz gain, beste zenbait produktu ere dastatu dituzte arkupe azpian jarritako azokatxoan; besteak beste, gazta, patea eta gozoak egon dira sei postuetan banatuta. Produktu gastronomiko horiekin batera, sasoiko produktuak eskaintzen dituen Zabaleko Urdaibaik ere parte hartu du beste urte batez.
Talo solidarioa. Aurten ere, urtero legez, Batzokiak antolatuta, taloa eta txorizoa dastatzeko aukera izan dute bertaratutakoek, eta ilara luzea sortu da horiek dastatzeko. Txaparen berotasunean taloei forma ematen aritu dira batzuk, eta sutan erretzen beste batzuk. Txorizoak prestatzen ibili direnak ere egon dira. Bertan zen lagun kuadrilak umoretsu egin dio aurre zapatu goizeko feskotasunari.
Talo eta txorizoen salmentatik ateratako dirua, ongintzazko ekintza batera zuzentzen dute urtero mundakarrek, eta aurten, Elikagaien Bankuak jasoko du bildutakoa.