Karakolak dastatu dituzte urteko azken Azoka Berezian
Urteko azken Azoka Berezia hartu du Gernika-Lumoko Merkatu plazak. Oraingoan, karakolak izan dira protagonistak, eta jendearen joan-etorria etengabekoa izan da.
Abenduko Azoka Berezian murgildu dira gaur Gernika-Lumoko Merkatu plazan. Ekainean hasi eta abendura bitartean, hileko lehen zapatuetan azoka berezia hartzen du udalerriko plazak. Hilabete bakoitzean produktu bat oinarri hartuta egiten dute, eta oraingoan, karakolak ekarri ditu urteko azken Azoka Bereziak.
Hotzari aurre egiteko aukera paregabeagaz iritsi da azoka, eta karakolak dastatzeko gogoz hurbildu dira herritarrak; ohi legez, batzuk bertan jan dituzte, eta beste askok, etxean bazkaltzeko eroan dituzte platerak.
09:00etan zabaldu dute azoka, eta jendearen joan-etorria etengabekoa izan da, batez ere eguerdi partean. 14:30ak bitartean, karakolak dastatzeko aukeraz gain, eskualdeko lehen sektoreko ekoizleen produktuak ere jarri dituzte ikusgai. Hori horrela, hainbat postutan banatuta, frutak, gazta, mermeladak, ogia eta euskal pastela, eta patea izan dituzte salgai ekoizleek.
Halaber, artisautza produktuak ere erosi ahal izan dituzte bertaratu direnek; hala nola, saskiak, zeramika zein larruagaz egindako produktuak, apaingarriak edota umeen arropak. Guztira, 22 ekoizle bertaratu dira.
Hilabetero legez, txikienek ere euren txokoa izan dute, eta goiz ederra igarotzeko gogoz gerturatu dira. Umeentzako puzgarriak eta marrazketa tailerra izan dituzte aukeran.
Sei hilabetetan zehar. Sei hilabetetan eta sei azoka. Azken urteetan egin legez, ekainean hasi eta abendura bitartean azoka bereziak egon dira merkatu plazan. Hala, hilabete bakoitzean lehen sektoreko produktuak ezagutarazi dituzte: Urdaibaiko txakolina, Gernikako piper berdea, Gernikako indaba, bakailaoa, untxia, gazta… Jatekoagaz batera, edatekoa ere eman dute.