Sakabanaketak eragindako biktimen aitortza aldarrikatu du Etxeratek
Sakabanaketak eragindako hamasei hildakoen memoria eta aitortza aldarrikatu zuen Etxeratek zapatuan Gernika-Lumon. 'Gutun mezulariak' antzezlanarekin presoen senideen sufrimendua islatu zuten.
Elkarbizitzan aurrera egiteko, sakabanaketak eragindako biktimen aitortza egitea ezinbestekoa dela ozen esan zuen Etxerat elkarteak zapatuan, Gernika-Lumon.
Udalerriko Lizeo Antzokian Gutun Mezulariak antzezlana taularatu eta sakabanaketak eragindako hamasei hildakoen memoria aldarrikatu zuten. “Dispertsioak eragindako hamasei hildakoen memoria eta aitortza aldarrikatzen ari gara, herri honen konponbidean eta elkarbizitzan aurrera joan ahal izateko”, esan zuten Urtzi Errazkin eta Patricia Vezlez elkarteko kideek.
Antzokiko eserlekuak bete zituzten, eta hitza eta musika batuz, salbuespenezko espetxe politika senideentzat “kondena” bat dela salatu zuten: “Jasanezina bihurtu da. Gaur egun martxan dago oraindik, eta behin betiko amaitzea ezinbestekoa da”. Dispertsioak eragindako hamasei hildakoen aitortza lortzea, dispertsio horrek berak gaur egun sortzen duen egoera gordinarekin amaitu beharko lukeela uste dute elkarteko kideek.
Euskal gizartean konfiantza. Beste behin, Etxerat elkarteak euskal gizartean ezarri zuen konfiantza osoa: “Konponbidea, bakea eta bizikidetza lortzeko asmoz, euskal gizartean jarri dugu kofiantza osoa. Gorrotoa eta mendekua lehentasun bezala hartzen duten estatuen aurrean auzolana, oinarrizko lana, instituzioen eta eragile politiko eta sozialen parte hartzea bultzatu dugu. Mobilizazioekin erantzungo ez bagenu ezinezkoa izango zen”.
Hala, udalerrira gerturatutako hamasei biktimen senideen parte hartzea eskertu dute, “euskal preso politikoen senide eta lagunak ahaztu gabe”. Halaber, Gernika-Lumon bildutako eragile politiko, sindikal eta sozialen ordezkaritza ere eskertu zuten.