Busturialdeko dantzariek Murueta bete dute
Busturialdeko 33. Dantzari Eguna ospatu zuten zapatuan, Muruetan. Foruko Urdaibai Dantza Taldearen 50. urteurrena ere gogoratu zuten.
Dantzari nagusien urteroko hitzorduari ez zioten hutsik egin zapatuan, Muruetan. Izan ere, zortzi taldetako 300 dantzari inguru bildu zituen Busturialdeko Dantzari Nagusien Egunak frontoian.
Bost hamarkada bete ditu aurten Foruko Urdaibai Dantza Taldeak, eta 50. urteurrena ospatzeko Busturialdeko eta Bakioko dantza taldeak izan zituen ondoan. Hain zuzen, Bermeoko Alkartasuna, Mundakako Egunsenti, Busturiko Irrintzi Alai, Foruko Urdaibai, Gernika-Lumoko Elai-Alai, Ajangizko Artxube, Gautegiz Arteagako Artie eta Bakioko Itxas Alde dantza taldeek parte hartu zuten ekitaldian. Eguraldi txarrari aurre eginez, 19:00etan Agurra dantzatuz hasi zuten euskal dantzen erakustaldi ederra.
1987. urtean egin zuten lehenengoz Busturialdeko Dantzarien Lehenengo Jaia Busturiko Altamira auzoan, eta garai hartan asmoa zena egi bihurtu da: Busturialdeko Dantzari Eguna urtero antolatzea. Hala, aurten ere, dantzarien jaia dela eskualdeko dantza zaletasunaren adierazgarririk bikainena argi utzi dute.
Argazkiak: Txebi Arriaga