Ajangizko koloreekin osatuko dute 2020ko egutegia
Argazki eta postal lehiaketa jarri du martxan Ajangizko Udalak, eta herritarrek azaroaren 27ra arte bidal ditzakete euren lanak. Abenduaren 3an 19:00etan egingo dute sari banaketa Ajangizko Kultur Etxean.
Argazki eta postal lehiaketa jarri du martxan Ajangizko Udalak. Argazki lehiaketak Ajangizko koloriek izango ditu ardatz, eta aurkeztutako zenbait argazkigaz osatuko dute 2020ko egutegia. Postal lehiaketan, berriz, Gabonak islatu beharko dituzte parte hartzaileek.
16 urtetik gorakoek parte har dezakete argazki lehiaketan, eta 16 urtetik beherakoentzat antolatu dute postal lehiaketa. Hala, azaroaren 27a (eguaztena) da bi lehiaketetan lanak aurkezteko azken eguna. Herritarrek goizez udaletxean utzi ahalko dituzte lanak, eta arratsaldetan, berriz, Ajangizko Kultur Etxera eraman beharko dituzte. Postalak eskuz entregatu beharko dira, baina argazkiak CD edo USB batean ere eraman ahalko dituztela zehaztu dute arduradunek. Parte hartzaile bakoitzak, gehienez, zazpi argazki edota zazpi postal aurkeztu ahalko dituzte.
Lehiaketara aurkeztutako lanekin batera, inskripzio orria bete beharko da. Bertan, izen-abizenak, helbidea, jaiotze data, posta elektronikoa eta telefono zenbakia zehaztu beharko dituzte parte hartzaileek, izenorde batekin eta gutun azal itxi batean.
Sariak abenduaren 3an. Argazki lehiaketaren sariak abenduaren 3an egingo duten Euskararen Eguneko jaian banatuko dituzte, 19:00etatik aurrera Ajangizko Kultur Etxean.
Argazki lehiaketako irebazleak Azurmendi jatetxean bi pertsonentzako bazkari edo afaria irabaziko du, eta postal lehiaketako irabazleak, berriz, Instant Kamera bat. Irabazleak, baina, hiru pertsonak osatutako epaimahaiak erabakiko ditu. Unañe Uriarte ikus-entzunetan lizentziatua, Iranzun Pertika abokatua eta Koldo Karbonell alkatea izango dira horren ardura hartuko dutenak.
Ajangizko Udala gertauko da saritutakon lanekin, eta ondorioz, udalarenak izango dira eskubide guztiak. Sarituak izan ez diren lanak eta egutegirako aukeratu direnak lehiaketa amaitu eta hurrengo 30 egunetan itzuliko dituztela jakitera eman dute udal arduradunek.