"Urdaibain birziklapen tasak gora egin behar du"
Birziklapenean jaioak gara kanpaina gaur eta bihar bisitatu daiteke Lameran,10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara
Birziklapenean jaioak gara kanpaina osatzen duten edukiontziak bisitatu dituzte gaur goizean Bermeon, Aritz Abaroa alkateak eta Urdaibai Biosfera Erreserbaren Zuzendari Niko Garcia-Borregerok. Urdaibain birziklapen tasak gora egin behar duela nabarmendu du Garcia-Borregerok, horregatik eskualdean edo udaletan arlo horretan antolatzen diren ekimen eta proiektu guztiak bultzatu behar dituztela esan zuen. Ildo horretan, ekainean erakunde guztien artean antolatu zuten Zero Plastiko Urdaibai ekimena ekarri du gogora.
Urdaibai jasangarritasuna bultzatzen duen lurraldea da: «Ezin dugu ahaztu Biosfera Erreserba batean bizi garala, eta gainera, Bizkai, Araba eta Gipuzkoan dagoen Biosfera Erreserba bakarra da Urdaibai». Hala, abian jartzen dituzten proiektu guztietan jasangarritasuna ardatz nagusietako bat dela nabarmendu du Garcia Borreguerok.
Bermeoko alkatearen ustez, mota honetako kanpainak balioan jartzekoak dira: «Gizarte aurrerakoi batean ezinbesteko balioa da birziklapena, eta horren aldeko apustua egin beharra daukagu erakunde publikoetatik. Azken batean, birziklapena bizi kalitateagaz eta jasangarritasunagaz zuzenean lotuta dago».
Bermeon birziklatzeko ohitura badagoela dio Abaroak, eta azken urteetan udaletik beste hainbat erakunderekin batera neurriak hartu izan dituztela gogorarazi du. Bermeon, esaterako, 140 sastar edukiontzi daude. Gainera, erabilitako sukaldeko olioa birziklatzearen garrantziaz kontzientziatzeko ahalegina ere egiten da. 12 edukiontzi daude horretarako; iaz, erabilitako 11.300 kilo olio batu ziren.
Horiek ez ezik, plastikoa, papera eta beira birziklatzeko edukiontziak ere badaude. Herritarrei gogorarazi gura izan die, gainera, altzariak, traste zaharrak, etxetresna elektrikoak eta abar jasotzeko doako zerbitzua ere badagoela, 94 612 11 77 telefono zenbakira deituta.
Bermeon, «birziklapen maila egokia» dagoen arren, birziklapen maila handitzeko erronkarekin aurrera jarraitu beharra dagoela uste du alkateak: «Bizi garen inguruneak errespetu hori merezi du eta guk erakunde modura aurrerapausoak hartzeko konpromisoa hartzen dugu».
Birziklapenean jaioak gara kanpaina gaur eta bihar bisitatu daiteke Lameran,10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Bertan adin guztietako herritarrei zuzendutako jarduerak aurki daitezke. Azalpenak emateko eta zalantzak argitzeko monitoreak daude, horregatik herritar guztiak gonbidatu dituzte kanpaina bisitatzera.
Era berean, ikastetxeekin bisita gidatuak ere egiten ari dira: erakusketa, jolasak, herri kirolak…aurki daitezke.