Birziklapena sustatzeko 'Birziklapenean jaioak gara' kanpaina iritsi da Gernika-Lumora
Lau jarduera egiteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Bihar ere Gernika-Lumoko Merkurion egongo da, eta eguaztenean eta eguenean, berriz, Bermeoko Lameran.
Birziklapenean jaioak gara kanpaina iritsi da udalerrira. Herritarrak ekonomia zirkularraren prozesuetan inplikatzea eta sentsibilizatzea bilatzen du, eta gaur eta bihar egongo da Gernika-Lumoko Eriabarrena plazan; 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara bitartean egongo da. Eguazten eta eguenean, berriz, Bermeoko Lameran jarriko dute erakusketa.
Arduraz kontsumitu eta sortutako hondakinak neurri handiagoan eta hobeto birziklatzea bultzatuko dute kalean jarritako erakusketan; hau da, “kontsumo arduratsuaren” alde egingo dute.
2030. urterako Euskal Autonomia Erkidegoan sortzen diren hondakinen %10 murriztea da Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako helburu nagusia. Era berean, ontzien %70 eta hondakinen %60 birziklatzera heldu gura dute arduradunek, “bereizketa egoki bati esker Europar Batasunak 2030. urterako zehaztutako tasak betez”.
Hirugarren urtez bultzatzen duten kanpainaren erakusketa hiru eremutan dago banatuta: erakusketa gunea, toki ludikoa eta kanpoko jarduerara bideratutako lekua. Birziklatzeko zer egin daitekeen eta zein den hori egiteko modu egokiena azaltzeaz arduratzen dira gune horietan. Modu dinamikoan birziklatzea erraza dela ikustarazten dute, jokoen eta galderen bitartez herritarren ohiturak birziklatzearen alde aldatuz.
Lau jarduera. Hiru eremu horietan lau jarduera bultzatuko dituzte arduradunek. Circular Thinking deitutako jarduerak ekonomia zirkularraren prozesuetan zelan jokatu behar den erakutsiko du modu interaktiboan: “Kontsumoa murriztuz eta arduraz kontsumituz, berrerabiliz, hondatzen dena konponduz eta sortzen dituzun hondakinak birziklatuz egingo dugu ekonomia zirkularraren alde”.
Kutxen erronkan, berriz, 12 kutxetako bat zabaldu ahalko dute bertaratzen direnek, eta ikusmen, adierazpen eta mugimenduko probekin birziklapenaren erronkak landuko dituzte: “Zer hondakin bota behar diren edukiontzi horian eta zein ez ikusiko dute”. Halaber, ontzi erraldoien jolasagaz ez birziklatzeko herritarrek jartzen dituzte zortzi aitzakia nagusiak ezagutuko dituzte pate hartzaileek, eta aitzakia bakoitzak konponbide bat duela erakutsiko dute arduradunek. Birziklapenera egokitutako herri kirolak ere prestatu dituzte, eta taldeka birziklapenaren alde egingo dute.
Gernika-Lumoko datuak. Gernika-Lumoko Udala birziklapena sustatzeko lanean dabilera gogoratu dute agintariek. Hori horrela, Gernika eta Errigoiti bitartean kokatutako garbigunea dagoela esan dute, bai eta enpresa txikiei bideratutako bilketa gunea ere. Halaber, egun jakinetan udalerrian zeharkatzen duen garbigunea ere badagoela aitatu dute, “ohikoak ez diren zaborrak batzeko”.
Udalerrian, gainera, erabilitako arropak batzeko zortzi edukiontzi daude, olioarentzako hamabi eta hondakin organikoak jasotzeko edukiontzi marroia.
Halaber, ikastetxe, nagusien egoitza eta supermerkatuek eragiten dituzten hondakinen bilketarako “atez ateko” berezia dagoela gogoratu dute.