Santa Zezilia ospatzeko kontzertuak emango dituzte bihar Gernika-Lumon eta Bermeon
Bihar 17:30etik aurrera kalera aterako dira Bermeoko musikariak, eta 19:30ean hasiko dute kontzertua Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian Segundo Olaeta Musika Eskolako ikasleek.
Ohiturari jarraituz, musikarien zaindariaren jaia ospatuko dute bihar Lea-Artibai eta Busturialdean. Bezperan, baina, Santa Zezili omenduko dute Gernika-Lumoko eta Bermeoko musikariek.
Euskal Herriko Musika Eskolen elkarteagaz batera koordinatuta, musika kalera aterako dute Bermeon eta Gernika-Lumon. 17:30etik aurrera jai giroan elkartuko dira bermeotarrak eta herriko plaza eta txoko guztiak musikatuko dituzte zuzenean. Musika eskola aurreko plazara aterako dira lehenengo. Koro txikiko kantariak, konbo txikiko partaideak, trikitilari eta pandero joleak eta harrerako kantari txikiak ariko dira kalez kale. “Guztiek doinu freskoak plazaratuko dituzte, eta entzuleria ere kantuan jarriko dute”, esan dute musika eskolako arduradunek.
Gernika-Lumon ere ordu berean jarri dute hitzordua Barrenkale kalean. Sei eta bederatzi urte bitarteko umeen abesbatzak hainbat abesti kantatuko ditu herriko kaleetan zehar.
Bi emanaldi. Segungo Olaeta Musika Eskolako kideek bi emanaldi berezi eskainiko dituzte. Bigarren emanaldia 19:30etik aurrera eskainiko dute Lizeo Antzokian, eta ikasturtean zehar orain arte ikasitakoak erakusteko aukera izango dute musikariek. Akordeoi, gitarra eta txistu taldekoak ariko dira oholtza gainean, baita fanfarriakoak ere. Orkestako eta gabarako musikariek ere euren lanak erakutsiko dituzte, eta bandak ere saioa eskainiko du.
Herritarrak Santa Zezilia omentzeko ekitaldietan parte hartzera animatu dituzte Gernika-Lumoko eta Bermeoko musika eskoletako arduradunek, “musikaz gozatu eta ondo pasatzeko aukera ederra delako”.