Dispertsioaren ondorioz hildakoak omenduko ditu Etxeratek zapatuan
'Gutun mezulariak' ekimenaren bidez, presoak bisitatzera joandako eta errepidean hildako hamasei lagunak omenduko ditu Etxeratek. Biktima horiek aitortzeko beharra azpimarratu dute.
Aurrera egiteko helburuagaz eta gertatutakoa ahaztu gabe, sakabanaketaren ondorioz hildako hamasei lagunak omentzeko ekitaldi bat egingo du Etxeratek udalerrian.
Gernika-Lumon elkartuko dira sakabanaketaren biktimen eta euskal preso eta iheslarien senideak, eragile politikoak, sozialak eta baita sindikalak ere.
Gutun mezulariak izena duen ekimenak dispertsioak eragindako hamasei biktimen aitortza lortzeko eta salbuespenezko politikari amaiera emateko premia aldarrikatzea du helburu. “Bakea eta elkarbizitza” lortzeko, biktima horiek aitortzea beharrezkoa dela dio Etxeratek: “Indarrean dagoen salbuespenezko espetxe politika senideentzat kondena bat da, eta behin betiko egoera honekin amaitzea ezinbestekoa da”.
Urtzi Errazkinek eta Patricia Peralesek egin zuten aurkezpena atzo Bilbon, eta aurreratu zutenez, hitzek eta musikak protagonismo handia izango dute Gernikako Lizeo aretoan egingo duten ekitaldian. Dagoeneko beteta dagoenez, gonbidapena beharko da bertara sartzeko.