Antimilitarismoa eta memoria historiakoaz ariko dira barikuan, Astran
Egia eta memoriaren eraikuntzaz ariko dira goizean, eta desmilitarizazioa eta bakearen eraikuntzari buruz hitz egingo dute arratsaldean. Jardunaldietan parte hartzeko beharrezkoa da bertaratzea baieztea.
Antimilitarismoari eta memoria historikoari buruzko jardunaldiak egingo dituzte Astran; barikuan 12:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:30ra bitartean jarri dituzte hitzorduak.
Nazio Batuen Batzar Nagusiek 1948ko abenduaren 10ean onartu zuten Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala. Hala, 71. urteurrenaren inguruan, antimilitarismoa eta memoria historikoa landuko dute beste behin udalerrian. Gernika Gogoratuz, Gernikatik Mundura, Ideasur, Astra eta Gernika-Lumoko Udalak bultzatu dituzte jardunaldiak, eta lau hitzaldi antolatu dituzte. Denek ala denek, Giza garapen gehiago eta arma gutxiago leloagaz bat egingo dute.
Gernika Gogoratuz elkartekoen esan dutenez, industria militarrak gerran daukan eragina eta inplikazio maila zein den aztertuko dute. Baita nazioarteko erakundeek gai horri buruz zer egin beharko luketen ikusi ere.
Saioak. Bitan banatuko dute barikuko jardunaldia. Lehenengoa Maria Oianguren Gernika Gogoratuz elkarteko kideak zuzenduko du, eta bertan egongo dira Fernando Cruz Kolonbiako Caquetako Egiaren Batzordearen koordinatzailea, eta Emerita Cuellar ikertzailea. Biek landuko dute egia eta memoriaren eraikuntza.
Kolonbiako lurraldeetako egiaz ariko da Cruz, eta Kolonbian bakea eraikitzeko beharrezko dimentsioa zelakoa den azalduko du hitzadian. Gero, Cuellarregaz, Sin minería, la vida tiene futuro dokumentala ikusiko dute. Gatazkan dauden herrialdeak proiektuaren barnean burututako ikus-entzunezkoa da, eta dokumentalaren nondik norakoak azalduko ditu adituak, bera baita proiektuaren barnean Tolimako kasuaren azterketa egin duen ikertzaileetako bat.
Arratsaldeko saioan desmilitarizazioa eta bakearen eraikuntzari helduko diote. Jokin Alberdi Gernikatik Mundurako kideak aurkeztuko du, eta beragaz egongo dira Zuriñe Rodriguez Sudergintza Bakerako eta gatazkarako ikerketa zentro feministako kidea, eta Luis Arbide eta Argi Otsoa Ongi Etorri Errefuxiatuak elkartekoak.
Euskadiko harremanak eta jendearen ikuspegia desmilitarizatzea izeneko hitzaldia zuzenduko du Rodriguezek, eta Joseba Sanzek zuzendutako La guerra empieza aquí dokumentala azalduko dute Arbide eta Otsoak.
Astrako jardunaldiak gazteleraz izango dira, eta jardunaldietan parte hartzeko beharrezkoa da bertaratzea baieztea. Horretarako, hurrengo helbide elektronikora idatzi beharko da: info@gernikagogoratuz.org.
Egitaraua
Etzi
– 12:00-14:00. Egia eta Memoriaren eraikuntza.
– 16:00-18:30. Desmilitarizazioa eta Bakearen eraikuntza.