Euskararen Egunari buruzko batzarra egingo dute etzi, Gernika-Lumon
Euskaraldiaren nondik norakoak zehazteko eta Euskararen Eguna antolatzeko batzar irekia izango da etzikoa. 19:00etan Elai Alai areto txikian jarri dute hitzordua, eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete.
Euskararen Eguna antolatzeko eta Euskaraldiaren nondik norakoak zehazteko batzar irekia egingo dute etzi 19:00etan, Gernika-Lumoko Elai-Alai areto txikian.
Euskara Batzordeak deituta, abenduaren 3ko egitarauaren berri emango dute lehenengo, eta herritarren ekarpenak jasoko dituzte gero. Dagoenerako Euskararen Eguneko egitarauaren zirriborroa prest dute batzordeko kideek, eta ekintzekin azaroaren 29an hastea aurreikusi dute.
Euskaraldiaren lehenengo edizioaren udalerriko emaitzak aurkeztuko dituzte ekimenagaz hasteko. Azaroaren 30ean, berriz, Segundo Olaeta Musika Eskolako eta Urdaibai Kantaguneko abeslariek kantujira egitea proposatu dute, eta hurrengo egunean, Euskara Olgetan Errotu kanpainaren amaierako jai erraldoia egitea aurreikusi dute Jai Alai frontoian. Abenduaren 3a izango da egun handia, eta urteroko 11 orduko irakurtaldia egiteaz gain, Euskaraldiaren bigarren edizioari ere hasiera eman gura diote.
Euskaraldiaren bigarren edizioa martxan jartzeko proposamenak ere aurkeztuko dituzte etzi, eta eragileen ekarpenak jaso gura dituzte. Aurreko edizioaren funtzionamenduari eustea pentsatu dute, eta Topaguneak eta Hizkuntza Politikarako Sailoredetzak hartuko dutela koordinazio orokorreko ardura esan dute.
Kale ekintza bat antolatu gura dute, euskararen aldeko soka kalean jartzeko ekintza hain zuzen. Soka horretan herritarrek Euskaraldiaren lehen edizioko esperientziak eskegi ahalko dituzte, bai eta desioak ere. Herri bakoitzak bere sarea sortuko du abenduaren 3an, eta herriko leku esanguratsu batean eskegiko du soka. Gero, talde argazkia ateratzea aurreikusi dute.
Etzi aurkeztuko dituzte asmo guztiak Elai-Alai aretoan, eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete, euren ekarpenak jaso eta kontuan hartuko dituztelako.