129 perretxiko mota erakutsi ditu gaur Foruko Muinogorri elkarteak
23. urtez, atzo batutako perretxikoen erakusketa jarri dute Muinogorri elkarteko kideek gaur, Foruan. Jendetza batu da eguerdian, eta bertaratu direnek pintxoez gozatzeko aukera eduki dute.
Atzo inguruan batutako 129 perretxiko mota erakutsi ditu gaur Foruko Muinogorri elkarteak. 23. urtez jarri dute erakusketa euren txokoan, eta urtero legez, jendetza bertaratu da eguerdi partean.
“23. urtez antolatu dugu erakusketa. Aurten ere, Galdakaoko Peña Santa Cruz txokoko adituek sailkatu dituzte atzo jasotako perretxikoak. Izan ere, eurak dira perretxikoetan adituak”, azaldu dute Muinogorri elkarteko kideek. Izan ere, hiru kolore erabiltzen dituzte perretxikoak bereizteko: gorria, zuria eta berdea. Horiek perretxikoak pozoitsuak, sukaldaritzarako baliorik gabekoak edota onak eta jangarriak diren zehazten dituzte.
Hori horrela, pozoitsuen eta jangarrien artean sor daitezkeen nahasteak saihestea bilatu dute beste urte batez, Muinogorri elkarteko kideek. Hiru mahai handitan bata besteagaz alderatzeko aukera egon da erakusketan, izan ere intokxikazio asko egon dira azken urteetan eskualdean, eta horiek saihestu gura izan dituzte: “Intokzikazioak izan ditugu azken urteetan eskualdean, eta batzuk hiltzera artekoak izan daitezke. Hori saihesteko, antz asko duten perretxiko onak eta txarrak alboan jartzen ditugu erakusketan, gerturatzen direnek euren arteko desberdintasunak aztertzeko. Onak eta txarrak alderatzen ditugu”. Kartelak ere jarri dituzte erakusketan, eta horietan perretxikoen arteko zeinbat aldaketa azaldu dituzte. Hala ere, produktuak aurrez aurre ikustea askoz ere eraginkorragoa dela deritze.
Aurten perretxiko gehiago batuko zituztela aurreikusi zuten, baina azken asteetako hego haizeak hori saihestu duela diote: “Hego haizea eduki dugu azkenaldian, eta horrek perretxikoak ateratzea atzeratu du. Hala, baina, euria ere egin du aste honetan, eta atera dira”. Arduratuta egon diren arren, azkenean 129 perretxiko mota batzea “oso pozgarria” izan dela uste dute.
Gero eta interes handiagoa. Perretxikoei buruz gero eta interes handiagoa dagoela adierazi dute elkarteko kideek. Hala, hainbat izan dira erakusketara hurbildu diren herritar eta inguruetako bizilagunak; txokoa bete dute eguerdi aldera. “Beste urteetan beste jende etorri da, gero eta interes handiagoa du jendeak”, adierazi dute. Eta herritarrek perretxikoei buruzko erreferentziak izatea ezinbestekoa dela deritze: “Euskal Herrian gilbel urdin asko jan ohi dira, baina antzekotasun handia dute Amanita Phalloides-egaz nahasten dituzte askok eta askok. Azken horiek oso kaltegarriak dira. Horregatik da garrantzitsua ezagunak diren perretxikoak ezagutzea”.
Mota desberdinetako perretxikoen berezitasunak ezagutzeaz gain, horiek dastatzeko aukera ere izan dute bertaratutakoek. Azaldu dutenez, 600 pintxo inguru banatu dituzte. Perretxikoekin egin daitezkeen pintxoen berri ere eman dute horrela.