Lointek Gernika Bizkaiak F multzoko bigarren postua sendotu du
Olivaisen aurka izan zuen atzo Eurokopako hitzordua talde gernikarrak, Coimbran (Portugal), eta 46-70 nagusitu zen. Domekan [azaroak 3] ligako partidua dauka Quesos El Pastoren kontra, Malosten.
F multzoko bigarren postua sendotu du Lointek Gernika Bizkaiak. Atzo iluntzean Eurokopako hirugarren hitzordua izan zuen Coimbran (Portugal), eta nagusitasunez hartu zuen mendean Olivais: 46-70. Domekan [azaroak 3] ligako partidua dauka talde gernikarrak Malosten, eta Quesos El Pastor izango du aurrez aurre.
Halloween edo gau beltza, berdin izan zitzaion Lointek Gernika Bizkaiari. Beldurtzeko moduko jokoa erakutsi zuen, eta Eurokopako hurrengo fasera igarotzeko aurrerapauso handia eman zuen. Txapelketa hasi aurretik adierazi zuen Mario Lopez entrenatzaileak multzoko bigarren postua zela helburu nagusia, baina oraindik ere Perfumerias Avenidaren aurka jokatu behar du itzuliko neurketa azaroaren 6an [eguaztena], eta lehen postua eskuratzeko aukerak izango ditu.
Partiduko lehen minutuak orekatuak izan ziren atzo, Coimbran. Julie Wojta eta Nikolina Milic nabarmendu ziren talde gernikarrean, baina hutsegiteak egin zituen taldeak, baloi galera asko, eta Olivas aurreratu egin zen markagailuan (9-7). Lopezek partidua eten zuen en defentsa indartzea erabaki zuen. Eragina izan zuen. Belen Arrojok talde portugaldarrari neurria hartu zion, eta ordura arteko emaitza irauli zuen (15-20).
Bigarren laurdenean hiruko saskiratzeak izan ziren protagonista. Denboraldi hasieratik hobetu beharreko auzi bat izan da, baina atzo ez zuten hiruko bakar batean ere ia hutsik egin. Juana Molina, Blake Dietrick eta Wojta nabarmendu ziren zeregin horretan, baina Milic ere bikain aritu zen 2+1ekoa sartzen (25-33). Eroso aritu ziren talde gernikarreko jokalariak, izan ere, aldeak pixkanaka-pixkanaka gora egiten jarraitu zuen, eta 19. minutuan lortu zuten abantailarik handiena (28-43).
Atsedenalditik bueltan, lehengo lepotik burua. Olivaisek estrategia aldatu zuen, eta banan banako defentsa ezarri zuen. Hala ere, talde portugaldarraren erabakiak ez zuen eraginik izan, eta Lointek Gernika Bizkaiak hirunaka gehituz jarraitu zuen (30-55). Suspertzeko intentzioa erakutsi zuen etxeko taldeak, baina ez zen aldea gutxitzeko gauza izan (37-61).
Erritmoa lasaitu zuten Lopezek gidatutako jokalariek azken laurdenean, izan ere, datorren astean hiru neurketa lehiatu beharko ditu taldeak, eta entrenatzaileak orain arte minutu gutxi jokatu duten jokalariei aukera eman zien. Hala, Olivaisek aprobetxatu egin zuen aldea pixka bat txikitzeko (46-70).