"Emakumeen ahotsa argi eta garbi ageri da eleberrian, ozen"
Emakume baten benetako historia kontatzen duen Katigatu ninduzun librea nintzena eleberria idatzi du Laura Uruburuk. Emozioen uholdeak jaso ditu liburuan, eta bigarren atala idazten hasia dela jakinarazi du.
Amodio kantu zahar baten kopla du izenburutzat Laura Uruburu (Gernika-Lumo, 1962) euskal filologoaren bigarren eleberriak. Emozioen uholdea islatu gura izan du liburuagaz, baita emakume errealak literaturaren lehen lerrora eraman ere. Euskara oso presente daukan arloa da, eta galtzeko zorian dauden euskal hitzei erabilera eta presentzia eman die.
Zer aurki dezakete irakurleek liburuan?
Liburuaren baliorik garrantzitsuena emozioen mundua zelan lantzen dudan aztertzea da. Oinarrizko kontzeptuak dira emozioak, eta zientziak horrela berresten du. Ez dago ekintzarik emozioak atzean ez dituenik; emozioen ondorioz sortzen dira ekintzak. Zentzumenen bitartez jasotzen ditugu sentsazioak, intuizioa edota sentipenak. Gure buruaren eta emozioen artean zein lotura dagoen islatu gura izan dut, emozio baikorrak zein ezkorrak landuz. Hau ez da saiakera bat, irakurlea hotz utziko ez duen nobela baizik. Emozioek biziarazten dituzten gertaerez beteta dago.
Zein izan da zure helburua ‘Katigatu ninduzun librea nintzena’ izeneko eleberriagaz?
Emakumetasuna landu dut liburuan, emakumearen ahalduntzea islatu gura izan dut. Hala, emakumeen ahotsa argi eta garbi ageri da, ozen. Ez du emakume eredugarri baten historia lantzen, baina protagonista erakusleihoan dagoen emakumea da, gaur egungo hainbat emakumeren erakusgarria izan litekeena. Eleberriak sufrimenduan bizi izan den emakumearen historia lantzen du, etsipenean, isiltasunean eta itzalean egon den emakume batena. Askok hurretik ezagutuko duten errealitatea da.
“Ahoz ahoko literaturan dabiltzan berbak batu nahi izan ditut, idatzizko formatuan jaso eta bizia eman gura izan diet”
Emakume baten benetako historioa kontatzen du liburuak. Errealitatea islatzea lan erraza izan da?
Errealitatea islatzea ez da erraza, ondo ezagutu behar da kontakizuna, eta nik asko landu dut. Ezagutzak asko erraztu du idazteko prozesua. Agerikoa da benetako historia dela, ez dago asmakizunik. Literaturara egokitu besterik ez dut egin. Inguruko harremanek jokabideak nola bideratu ditzaketen ere ageri da. Hori islatzeko asko eta ondo ezagutu behar da pertsona, baita asko entzun eta pertsonarekin bat egin ere.
Emakumeen desira ere landu duzu.
Adituek aipatu didaten kontua da desiraren lanketa. Emakumeen plazerra eleberrietan demonizatuta egon da, eta nik sakon landu dut. Hala, eleberri honetan, emakumea objektu izatetik subjektu aktibo izatera igarotzen da sexu harremanetan. Emakume baten desira bere ertz guztiekin azaltzen da liburuan, eta oso elementu berritzailea dela esan didate. Iragazi gabeko kontua da, argi eta garbi azaltzen dena. Ausarta izan naizela uste dut hori islatzen. Niretzako ez da zaila izan emakume baten sentimendu horiek era horretara lantzea. Lorpen bat izan da. Momentu horietan bizi ditu momenturik gozoenak, eta oso garrantzitsua da hori islatzea.
Protagonistaren egunerokoaz gain, beste kontu batzuk ere landu dituzu.
Istorio nagusia erakargarria eta bitxia den heinean, albo istorioak oso deigarriak eta harrigarriak dira. Eleberria hornitzen dute, osatu, ez daude zintzilik. Istorioari ekarpenak egiten dizkiote. Adarrari hostoak gehitu.
Zer sentiarazten du liburuak?
Orainaldiko astebeteko epean hainbat gauza gertatzen dira, eta hausnarketa prozesu sakona eragiten du. Sentimenduen uholdea da liburua. Errealitatearen eta ametsaren artean jokatzen duena. Errealitate gordina sentiarazten du. Hainbat irakurlek esan didate hunkitu edo negarra eragin diela. Errealitatean oinarrituta dago, eta hori irakurleengan eragiten duen sentipenetan nabaritzen da.
Emozio on zein txarren adierazlea ere bada titularra.
Bikoiztasun hori erakutsi gura izan nuen izenburuarekin. Oso adierazkorra da. Emakumeak bere striptease afektiboa egiten du, barne iraultza bat eragiten dion gertaera triste baten ondorioz. Librea zela pentsatzen zuen, baina konturatzen da olatu gainean dagoela, batzuetan katigatuta eta besteetan aske. Bizitza kontraste horretan dago. Gogoeta eta hausnarketarako bidea zabaltzen du.
“Eleberriaren bigarren atala idazten hasia naiz; idazkera zein irakurketa aldetik arinagoa izango dela uste dut”
Nondik dator bertsoa?
Amodiozko kantu zahar bat da, Lope de Vegak lehenengo aldiz 17. mendean, Ramilletes de Madrid antzezlanean idatzi zuena. Bizkaiko herritarren bati abesten entzundakoa da, eta antzezlanean jasotakoa. Ahozko literaturaren zalea naiz, eta bertsoa irakurri nuenean, eleberriarentzako oso egokia zela pentsatu nuen, bikoiztasunaren seinalea baita. Lau hitzekin dena dio.
Euskararen lanketan ere sakondu duzu ezta?
Azterlan handia egin dut eleberria idazterakoan. Ez da kontakizun lineala izan. Berridazketak, apainketak landu eta birlandu ditut. Filologoa naizen heinean, hitzen lanketa asko gustatzen zait, eta gure inguruan dauden berba eta esaera asko jasotzea izan da nire helburuetako bat. Baita hainbat hitzen adiera desberdinak ezagutaraztea ere. Ahoz aho bizirik dauden hitz eta esaerak erregistro idatzian jaso gura izan ditut, euren erabilera bultzatu. Ahoz aho dabilen berbakera jasotzea eta idatzizko forma ematea oso garrantzitsua baita. Hitzen bildumak jasotzen dira, baina estatikoak dira. Nik, baina, bizia eman gura izan diet. Azterketa sakonak egin, eta antzinako berbak erabili ditut; esaterako, eskimarra eta ihitza berba. Noiz eta zertarako erabiltzen diren aztertu dut. Lehengo hiztegietara jo dut, baita gaur egungoetara ere. Dokumentazio lan sakona egin dut, oso gustura. Niretzako oso pozgarria izan da lan hori egitea. Sinbologia eta konnotazio asko ere jaso ditut, gure kulturaren parte direnak. Horrek lantzen ez baditugu galdu egingo direlako.
33 urte igaro dira lehen eleberria kaleratu zenuenetik. Zelan bideratu dituzu irakaskuntza eta idazteko zaletasuna?
Lanbidea, bizitza pertsonala eta afizioa kudeatzea ez da erraza. Gaztetan lehen eleberria landu nuenean errazagoa zen. Ni ez naiz idazlea lanbidez, baina idazle zaletua naiz, eta bizitza osoan idatzi izan dut. Idazteko zaletasun hori nirekin eraman dut beti. Lanbidea eta zaletasuna uztartzea oso zaila izan da, lanbideak dedikazio osoa eskatzen didalako. Liburu hau nire hobbia izan da, denbora eduki dudanean idatzitakoa. Urte luzez izan dut bidelagun. Ez dut presiorik eduki, eta une lasai eta atseginetan idatzi dut.
Emaitzarekin pozik zaude?
Oso pozik nago. Idatzi gura izan dudana nahi modura landu dut, eta pozik nago. Eleberri ederra dela uste dut.
Bigarren atala izango du?
Bai. Emakume baten bizitzako epealdi bateko kontakizuna da hau. Amaiera modu irekian landu dut, eta irakurle bakoitzak era batera edo bestera interpreta dezake. Baina bizitza errealean jarraibide bat izan du kontakizunak, eta horrek beste ondorio batzuk eragin ditu. Bigarren atala idazten hasi naiz dagoeneko, eta idazketa prozesua zein liburua bera arinagoak izango direla uste dut. Liburu hau atal gogorrena izan da, egoera emozionala landu dudalako. Bigarrenean, berriz, akzio gehiago egongo da, eta hausnarketa gutxiago.