"Gozatzera irtengo naiz Jai Alai frontoira"
Hamasei urtez aritu da puntista gernikarra Daniako (Floria, AEB) frontoian lehiatzen. Aurten, Euskal Herrira bueltatzeko erabakia hartu du, eta Urriko Opena jokatuko du Lopez bikote duela.
Nolako partidua aurreikusten duzu astelehenerako?
Gernikako Urriko Open Azken Astelehena presiorik gabe lehiatuko dut. Izan ere, Daniatik bueltatu osteko nire erronka nagusia Gernikako Grand Slama irabaztea zen, eta lortu nuen. Orain gozatzera irtengo naiz Jai Alai frontoira. Urte asko daramatzat astelehenean jokatu gabe, berezia izango da. Ez da txapelketa bat, partidu bakarra jokatuko dugu, eta edozer gerta daiteke. Lopezek eta nik elkarrekin jokatu ditugun partiduak irabazi egin ditugu, baina Goikoetxea eta Imaz sendo dabiltza aurten.
Daniako frontoia utzi berritan, etxean lehiatutako lehen txapelketa irabazi zenuen udan. Zeintzuk dira etapa berri honetako zure erronkak?
Nire asmoa Euskal Herriko txapelketa handienetan parte hartzea da, maila eman dezakedan arte, gutxienez. Daniatik etorri nintzenean Gernikako Grand Slama, Biarritzekoa eta Donibane Lohizunekoa nituen begiz jota, baina lehenengoa irabazi egin nuen abuztuan, eta lasaiago aritu naiz beste bietan. Etxekoa irabazita aurtengo helburu nagusia bete dut. Herritar guztiak izan ditut animoak ematen, eta poz handia ematen dit lortu izanak. Liberazio bat izan da.
Zergatik erabaki duzu Dania uztea?
Hamasei urte eman ditut Ameriketako Estatu Batuetan, eta dagoeneko ez nago fisikoki egunero jokatzeko moduan. Familiarekin hitz egin eta erabaki genuen etxera itzultzeko garaia zela.
Nola baloratzen dituzu atzerrian egindako urte horiek?
Danian lehiatu ditudan txapelketa guztiak irabazi egin ditut, eta oso ondo bizitzeko aukera izan dut. Orokorrean, joan nintzenean helburu batzuk nituen zehaztuta, eta guztiak bete ditudala esan dezaket. Ume nintzela joan nintzen, eta heldu bihurtuta bueltatu naiz. Nire bizitzako zati oso garrantzitsua izango da beti AEBetan igarotakoa.
Nolakoa izan zen lagunek egin zizuten agurra?
Jende asko hurbildu zen, lagun asko. Beraien babesa hurbiletik sentitu nuen, eta hunkitu egin nintzen. Aste gogorra izan zen, banekielako nire azkena izango zela, baina aldi berean, oso polita. Bertso bat ere eskaini zidaten.
Gernika Jai Alai Eskola gidatuko duzu aurrerantzean. Zein izango da erronka nagusia?
Datorren urtean hartuko dut eskolaren ardura, nire aitak erretiroa hartzen duenean. Erronka nagusia kirol hau mantentzea lortzea da. Ez da erraza izango, kirol txikia baita, telebistan jarraipen askorik ez duena. Hala ere, guraso asko daude inplikatuta, eta saiatu egingo gara.