Xankore antzerki taldeak lan berria estreinatuko du zapatuan, Gernika-Lumon
'Una verdad escondida en un bolso' antzezlan berria estreinatuko du Xankore taldeak Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian. Komedia ukituak ere dituen drama dela taularatuko dutena aitortu dute antzezleek.
Hamabi urte igaro dira Gernika-Lumoko Xankore antzerki taldea lehenenegoz agertokira igo zenetik, eta ordutik, urtean-urtean antzezlan batekin gozarazten dituzte herritarrak. Hori horrela, zapatuan estreinatuko dute Una verdad escondida en un bolso antzezlan berria udalerrian.
Urrian hasi eta ekainean bukatzen dute ikasturtea antzerki taldekoek: “Ikasturtean landutakoak ekainean erakusten ditugu, baina aurten ezin izan genuen hori egin”. Hori horrela, urri hasieran berriro entseguak egiten hasi ziren, eta gogotsu daude antzezlana herrian erakusteko.
20:30ean, Lizeo Antzokiko eszenatokira igoko dira, beraien antzezteko abilezia eta gogoa elkarbanatzeko. Hala, sekretu batek eragiten dituen ondorioak landuko dituzte taula gainean. “Urte luzez poltsa baten gordetako sekretua aireratuko dugu antzezlanean, eta sekretu horrek eragindako ondoriak landuko ditugu”, adierazi du Mila Artetxe antzezleak.
Drama bat da antzezlana, baina komedia ukituak ere badituela aitortu du antzezleak: “Bertaratzen direnek ondo pasatuko dute, entretenigarria da”.
Felipe Cuetararen gidaritzapean, ikasturte osoan entseatutakoa jendaurrean erakutsiko dute zazpi aktorek –Flori Trujillo, Ana Ruiz, Itziar Isusi, Carmen Ortiz, Mari Paz Beares, Asun Zarrabeitia, Mila Artetxe–. Gazteleraz antzeztuko dute, eta Artetxek jakinarazi duenez, “ordubete eta laurdeneko iraupena” izango du, gutxi gorabehera.