Iruñeko elkarretaratzera joateko autobusak antolatu dituzte Busturialdetik
Altsasuko zazpi gazteei babesa adierazteko manifestazioa egingo dute zapatuan [urriak 26], eta Gernika-Lumotik zein Bermeotik autobusak aterako dira, 14:00etan. Aurretik izena eman behar da horietan joateko.
Altsasuko zazpi gazteei babesa adierazteko elkarretaratzea egingo dute zapatuan [urriak 26] Iruñean. Auzitegi Gorenaren erabakiarekin ados ez daudela salatzeko manifestazioa deitu dute Altsasuko Gurasoek, eta bertara hurbiltzeko autobusak antolatu dituzte Busturialdetik.
- Gernika-Lumotik 14:00etan autobus geltokitik aterako da autobusa. Aldez aurretik izena eman behar dute bertan joan nahi dutenek, Ospa eta Arrano tabernetan.
- Bermeotik, bestalde, Erretenetik irtengo da autobusa 14:00etan. Izena Luma Liburudendan, Ados Gastrotetak, Demiku Jubilatu elkartearen egoitzan eta Batun Batun Tabernan eman ahal da. Azken eguna barikua [urriak 25] da.
Hau ez da justizia lelopean, Nafarroako Justizia Jauregiaren aurrean hasiko dute elkarretaratzea 17:00etan, eta “duintasunaren martxari” ekingo diote jarraian: Sententzia desmontatuz, Altsasutik Iruñera. Aurretik, ordea, 16:30etan Antoniutti parkean egingo diote harrera Altsasuko Gurasoei.
Espainiako Auzitegi Gorenak urriaren 9an ebatzi zuen epaia, eta zigorrak murriztu badizkiete ere, espetxean jarraitu beharko dute: hiru urte eta erdi eta bederatzi urte eta erdi arteko zigorrak ezarri dizkie epaileak, 2016ko urriaren 15ean herriko taberna batean Guardia Zibil batzuekin eta euren bikoteekin izandako iskanbila baten ondorioz. Agenteen kontrako atentatua, lesioak, desordena publikoak eta mehatxuak leporatzen dizkiete.