'Arnasa gara' kanpaina aurkeztuko dute Ajangizen, barikuan
Euskararen arnasguneetako biztanleen ahalduntzea, aitortza eta kontzientziazioa indartzea dira proiektuaren helburu nagusiak, eta horiek aurkeztuko dituzte Mendietako frontoian.
Euskararen hauspoa da Ajangiz. Arnasguneak euskararen birikiak dira, eta arnasguneak Euskal Herriarentzat zein garrantzitsuak diren nabarmentzeko ‘Arnasa gara’ kanpainaren aurkezpena egingo dute etzi 19:00etan, Ajangizko Mendietako frontoian.
Euskararen arnasguneetako biztanleen ahalduntzea, aitortza eta kontzientziazioa indartzea dira proiektuaren helburu nagusiak. Proiektua bi fasetan gauzatuko dute eta hiru osagai nagusi ditu: komunikazio kanpaina bat, herrietan egingo diren aurkezpen-ekitaldiak eta Kartzela serie digitala.
Lehenengo fasea burutzen dabiltza gaur gaurkoz, eta Ajangizko biztanleak arnasguneek duten garrantziaz kontzientziatu gura dituzte antolatzaileek. Hala, etziko ekimenean parte hartzeko deia egin diete, “ajangiztarrak ere zurrunbiloaren parte direlako”. Bertan, Kartzela serie digitala aurkeztuko dute. Lehen bi kapituluak primizian ikusteko aukera egongo da, eta serieko aktoreekin solasaldian aritzeko aukera edukiko dute frontoian. Horrez gain, kanpaina gizarteratzeko eta herritarrekin lehen hartu-emana izateko balioko duen tartea ere izango dela azaldu dute.
“Herria da gorputza, hizkuntza bihotza. Badakigu. Eta herri honen berezko hizkuntza modu naturaldean arnasguneetan ari da taupaka, sendo eta osasuntsu”, diote UEMAko arduradunek. Hala, herriz herri aurkezpen ekitaldiak egiten jarraituko dute urrian eta azaroan. Busturialdean, Ajangizen ez ezik Bermeon ere aurkeztuko dute kanpaina, baina Bermeokoa momentuz ez dute zehaztu noiz egingo duten.
Abenduaren erdialdetik aurrera serie digitala Euskal Herri osoarentzat ikusgai egongo da, eta orduan hasiko dute bigarren fasea. Arnasguneak ezagutzera emango dituzte eta duten garrantziaz jabetzeko ariketa egingo dute. “Euskal Herriko gainerako euskaldunei zuzenduko zaie mezua, diskurtsoaren lanketa eginez”.