Argazkietan jasotako irudiak
Giorgio Morandiren obra interpretatuz Sergio Saez artista bilbotarrak argazki bilduma bat sortu du. Erakusketa Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan dago ikusgai urriaren 31ra bitartean.
Pinturak. Argazkiak. Eskulturak. Jantziak. Irudiak. Margolanak. Denetariko arloak jorratzen dituzten artistak daude nonahi, batzuk mundu mailan ezagunak direnak eta beste batzuk herrian bertan ezagutzen dituztenak.
Giorgio Morandi italiarra XX.mendeko artista ezagunenetarikoa izan zen. Orain, bere lanetan inspirazioa hartuta argazki bilduma sortu du Sergio Saez argazkilari bilbotarrak, Morandiren margolanak argazkietan jasoz. Hala, antzinako artea gaur egungo arteagaz uztartzea posiblea dela erakutsi du argazkilari bizkaitarrak.
Sergio Saezek Giorgio Morandi artistaren obrari eskainitako argazki erakusketa urriaren 31ra arte ikusgai egongo da Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan; hirugarren solairuan dago kokatuta.
Argazki horien bitartez, artista bilbotarrak Morandiren lanari «keinu» bat egin gura izan dio, italiarraren lana interpretatuta ingurugiro eta eszenatoki ezberdinak sortuz. Argazkien bitartez, eguneroko objektuen bizitza transmititu gura izan du bilbotarrak, «pintore italiarrak bere obretan egingo lukeen modura». Izan ere, artista iltaliarraren ikonografian eguneroko objektuak nabarmendu ziren: edalontziak, botilak, mantelak, koadroak… Horiek ziren bere lanen protagonistak, urteen joanagaz bere adierazpen bide bilakatu zirenak. Hala, lan horiei esker, XX. mendeko artista garrantzitsienetako bat bihurtu zela adierazi du Saezek.
Urte eta erdiko lana da erakakusketa; argazkigintza eta pintura uztartu ditu
Kamera pintzel gisara. 25 urte moda diseinatzaileentzat lanean aritu ondoren, 2003. urtetik argazkilaritza eta pintura ditu lanbidetzat Saezek. Bi arlo horien arteko mugan lan egitea gustatzen zaio, eta argazki kamera ez du kamera bezala soilik erabiltzen, pintzel bat balitz bezala mugitzen duela baitiote adituek.
«Kamara erosi zuenean, airean argazki batzuk egin eta ordenagailuan ikusterakoan argazkietan defektu nabarmen batzuk antzeman zituen Saezek», diote erakusketaren antolatzaileek. Hala, defektu horiek artistari interesgarriak iruditu zitzaizkiola adierazi dute, eta azken urteetan horiek jorratu dituela jakitera eman dute. Izan ere, hutsegite horiek itxura «berezia» dute, «pintura itxurakoa».
Morandi artista italiarraren lana omendu gura izan du argazki bildumagaz
Argazkien kolore eta inguruneak urtze efektu bat sortzen dute irudian, eta irudia bera desegiten egongo balitz bezala ikusten da Euskal Herria Museoko argazkietan. Hala, hasieran akatsa zena prozesu tekniko bihurtu du argazkilari bilbotarrak. Izan ere, urte eta erdiko lana izan da berarentzat, prozedura hori ulertzea, kontrolatzea eta menderatzea.