Erreferenduma ez dela delitua defendatu dute Gernika-Lumon
Kataluniako buruzagi sozial eta politiko subiranistak zigortu dituen epaiarekiko desadostasuna adierazi dute sindikatuek gaur eguerdian Gernika-Lumon. Eta Gure Esku-k biharko Donostian antolatu duen manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.
Botoa ematea ez dela delitua esan dute sindikatuek gaur eguerdian Gernika-Lumoko Foruen plazan; ELAk LABek, Steilasek, ESKk, Etxaldek eta Hiruk egin dute bat deialdiagaz. Halaber, udalerriko udal gobernuko ordezkariak, zein norbanakoak batu dira elkarretaratzean. Hala, Kataluniako buruzagi sozial eta politiko subiranistak zigortu dituen epaiarekiko desadostasuna adierazi dute.
Horiek guztiek Kataluniako presoen askatasuna eskatu dute, eta Gure Esku-k biharko Donostian Erreferenduma ez da delitu. Askatasuna lelopean antolatu duen manifestazioan parte hartzeko deia egin dute: “Sindikatuok eutsi egingo diogu demokraziaren, elkarrizketaren eta politikaren aldeko jarrerari, baita printzipio horien aldeko mobilizazioari ere”. Horrekin batera, azpimarratu dute Kataluniarako beharrezkoa dela konponbide politikoa adostea.
“Demokrazia batean delitua ez den eta izan ezin den zerbaitengaitik zigortu dituzte 12 pertsona, eta euren askatasuna gura dugu”, adierazi dute sindikatuek. Elkartasuna adierazteko atera dira kalera, baina euren kezka askoz sakonagoa dela diote: “Epai honekin estatuak mezu beldurgarri bat helarazi gura digu denoi: gure etorkizunari buruzko erabakia noizbait hartzeko itxaropena galarazi nahi digula. Epai eta zigor honekin erakusten ari dira edonoren aurka nola jokatuko duten, baldin eta inoiz gauzatu nahi bada Kataluniak edota Euskal Herriak ahotsa eta hitza izatea”.
Urte askotan Kataluniako erakundeak behin eta berriz saiatu direla estatuko gobernuarekin elkarrizketa bidez egoera konpontzen aitatu dute: “2005ean proposatu zuten estatutua hustu egin zuten; halere, herritar katalanek bozkatu egin zuten. Gero, baina, Auzitegi Konstituzionalak desitxuratu egin zuen bozkaketa”. Eta hori horrela izan arren, erakunde katalanek ez zutela elkarrizketaren bidea zarratu adierazi dute, “herritarremn gehiengoak zituen helburuei bide emateko”. Hala, estatuaren erantzuna “behin eta berriz” ezezkoa izan dela diote, eta ondorioz, mobilizazioak gero eta jendetsuagoak, sozialagoak eta handiagoak direla uste dute. “Mobilizazio horien ondorioz etorri zen 12017ko urriaren 1eko kontsulta, gogor zanpatua eta gaurko epai honekin zigortua. Horregatik diogu epaia eskarmentu gisa datorrela, hori baita arduradun politikoek, zibilek zein eragileek espero dezaketena estatuko nazioei ahotsa emanez gero”.
Udalak ere, epaiaren aurka. Eskualdeko udalek ere bat egin dute elkartasun deiagaz, eta Kataluniako buruzagien zigorra ez dutela onartzen adierazi dute; esaterako, besteak beste, adierazpen instituzionala onartu dute Gernika-Lumon.
Demokraziaren adierazpen baketsua, indibiduala zein kolektiboa gauzatzea eta herriari hitza ematea ez dela delitua adierazi dute. Hala, 2017ko urriaren 1eko erreferenduma tresna demokratikoa eta zilegia izan zela onartu dute, “berezkoa delako etorkizuna erabakitzeko eskubidea izatea”.
Auzitegi Gorenak eta Estatuko botereek Kataluniako agintarie eta gizarte eragileei ezarritako zigorrak ezin direla justifikatu aitortu dute gainera, eta erreferendumaren aurkako auziak eta epaiak estatuaren “itxuragabetzea” dakarrela uste dute: “Ezbaian jartzen du espàiniar demokraziaren homologazioa nazioartean”. Halaber, estatuaren erantzun bortitzak euskal herritarrei zuzenean eragiten diela uste dute: “Herrien borondatea era demokratiko eta baketsuz erabakitzea mozten du, eta arazo politikoari tribunalen indarra erabiliz erantzuten die”.
Horri horrela, espetxean dauden preso politikoak berehalaa asko utzeko eskatu dute, “erbesteratu politikoen aurkako auzibideak bertan bera utziz”.
Altsasuko gazteen aurkako epaia. Espainiako Auzitegi Gorenak emandako Altsasuko gazteen aurkako epaiari buruz ere mintzo dira sindikatuak, eta epaia “lotsagarria” dela deritze: “Altsasuko kasuari buruz emandako epai lotsagarriak agerian utzi du Espainiar Estatuko botereen benetako interesa. Hau da, gazte batzuk erabiltzea euskal herritarroi dizipliona politikoa ezartzeko, mendekua eta zigorra medio”.
Hori horrela, sindikatuek mezu bat bidali die estatuari: “Ez da sortu Euskal Herriaren eta Kataluniaren asmo politikoak isilaraziko dituen epairik, ezta estaturik ere”. Azken hitza ez dela zigorra, errepresioa edota mendekua diote, eta aurrera egiteko bideak aurkituko dituztela adierazi dute.