Herriaren memoria publikoari buruzko kongresua egingo dute Gernika-Lumon
Galeusca-Historia kongresua hartuko du Elai Alai Aretoak, bihar eta etzi. Memoria publikoa, II. Errepublika eta erbestea, 36ko gerra, Frankismoa eta Trantsizioa izango dituzte hizpide Euskal Herriko, Galizako eta Kataluniako hainbat unibertsitateko adituen eskutik.
Herriaren memoria publikoa: Gizarte memoria, gerra zibila, Frankismoa eta Trantsizioa. 1936tik 2019ra arteko gertaera historikoak landuko dituzte V. Galeusca-Historia Kongresuan, bihar eta etzi (urriak 17 eta 18), Elai Alai Aretoan.
Akreditazioen ostean, bihar, 09:30ean egingo dute irekiera ekitaldia. Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak, Andoni Iturbe Bizkaiko Foru Aldundiko kulturarako zuzendari nagusiak, Aintzane Ezenarro Memoriaren Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak eta Joseba Agirreazkuenaga EHUko historia garaikideko irakasleak parte hartuko dute ekitaldian.
Hitzaldi eta solasaldietan Euskal Herriko, Galizako eta Kataluniako hainbat unibertsitateko adituak bilduko dira.
Memoriak eta biografiak izenburupean, 10:00etan hasiko dute lehen mahai ingurua, eta hori amaituta, memoria publikoari buruzko proiektuak eta ikerketa berriak izango dituzte hizpide.
Arratsaldean beste bi saio egingo dituzte. 16:00etatik aurrera, II. Errepublikaz eta erbesteak berba egiteko elkartuko dira, eta ondoren, 36ko gerrari buruzko solasaldia egingo dute.
Barikuan, mahai inguru bakarra egingo dute: Frankismoa eta Trantsizioa. Gaia lantzeko bi saio egingo dituzte; bata 10:00etan eta bestea 15:30ean. Kongresua bukatzeko, 17:00etatik aurrera ondorioak aterako dituzte, eta jarraian, Bakearen Museoan bisita gidatua egingo dute.
Jakitera eman dutenez, parte hartzaileen hitzaldiak 15 minutukoak izango dira eta saio bakoitzaren amaieran eztabaida zabalduko dute.