Bidebusak 800 erabiltzaile berri izan ditu urtarriletik abuztura bitartean
Urtarriletik abuztura bitartean 53.526 pertsonak erabili dute herriko autobus zerbitzua. Gorakadaren arrazoietako bat Andra Mari eta San Roke jaietan ezarritako gaueko zerbitzua izan dela zehaztu dute udal arduradunek.
Gernika-Lumoko Udalak jakitera eman duenez, Bidebusaren erabiltzaileen kopuruak gora egin du urtarriletik abuztura bitartean. Hain zuzen, iaz, denbora tarte berean, 52.727 herritar baliatu ziren udal zerbitzuaz, eta aurten 53.526 pertsona izan dira herriko autobusa erabili dutenak; hain zuzen, 800 lagun gehiago.
Hori horrela, udalaren arabera, bidaiarien gorakada horrek erakusten du garraio zerbitzua egonkortu egin dela udalerrian, eta erabiltzaileak ordutegiagaz eta geralekuekin “ohitu” direla.
Erabiltzaile kopuruaren gorakadaren arrazoi nagusia Gernika-Lumoko Andra Mari eta San Roke jaietan ezarritako zerbitzua izan dela arrazoitu dute udal ordezkariek, “igoeraren %60 hain zuzen”. Jaietako gaueko zerbitzu horrek erabiltzaileek behar zituzten beste geldialdi egin, eta behar zituzten lekuetara gerturatu zituela adierazi dute.
Erdigunea udalerriko beste auzoekin lotzen dituen zerbitzuaren hilerik arrakastatsuena zein den aztertuz gero, urtarrila, maiatza eta ekaina gailentzen dira, horietan izan baititu bidaiari gehien; 8.424 izan zituen urtarrilean, 8.448 maiatzean, eta 8.063 ekainean. 2010. urtean, zerbitzua martxan jarri zenetik gaur egunera arte 406.704 erabiltzaile izan ditu guztira.
Erabateko zerbitzua. Joan-etorriko ibilaldi zirkularrak egiten ditu Bidebusak. Astelehenetik zapatura eskaintzen du zerbitzua, 08:10etik 13:30era eta 16:45etik 19:30era. Guztira, 47 geldialdi egiten ditu egunean; 25 goizez eta 22 arratsaldez. Goizetan, Lorategietatik abiatzen da autobusa, eta, arratsaldetan, berriz, Seber Altube izaten du abiapuntu lehenengoan, eta ostekoak Lorategietan hasten ditu.
Udalak gogorarazi duenez, 22 bidaiarientzako lekua dauka autobusak, eta elbarritasuna edo mugitzeko ezintasuna daukaten bidaiarentzako igogailu elektronikorako plataforma bat ere badauka.