Berrindartuta ekingo dio Lointek Gernika Bizkaiak Eurokopari
Atzo Dia Ligan Embutidos Pajariel 60-75 menderatu ostean, eguenean [urriak 17] CB Perfumerias Avenidaren aurka jokatuko du Eurokopako lehen partidua.
Etxetik kanpo garaiezin jarraitzen du Lointek Gernika Bizkaiak, Dia Ligan. Atzo 60-75 hartu zuen mendean Embutidos Pajariel taldea, baina begiz jota, egueneko [urriak 17] partidua dute Mario Lopezek gidatutako jokalariek, izan ere, Eurokopako lehen partidua dute CB Perfumerias Avenidaren aurka.
F multzoan jokatuko du talde gernikarrak Eurokopan, eta jokalari zein taldeko arduradunak “multzo oso zaila” egokitu zaiela ados badaude ere, “duintasunez lehiatuko” direla azpimarratu du Lopezek. 20:30ean, Avenidaren kantxak dute hitzordua, eta aurrean aurkari “gogorra” dela adierazi du entrenatzaileak: “Eurokopak talde moduan handitzen jarraitzeko balio behar digu, batez ere, denboraldi hasieran gaizki egiten ari garena konpontzeko, akatsak zuzentzeko. Aurkari oso gogorra daukagu aurrean, baina ahal dugun guztia ematen saiatuko gara”.
Domekan ligako hirugarren garaipena eskuratu ostean indarberrituta, ekingo Lointek Gernika Bizkaiak txapelketa europarrari. Aurreko asteburuko porrotaren ostean “garaipen hau oso garrantzitsua” dela ohartarazi du Lopezek: “Gehien gustatu zaidana da serio egon garela hasiera-hasieratik. Defentsa lanetan batez ere, baina erasoan akatsak egin ditugu berriz, saskiratzeetan batez ere. Apurka-apurka partidua kontrolatu dugu. Gorabehera handirik gabeko partidua izan da guretzat”.
Ligan indartsu. Neurketa hasi bezain laster, Belen Arrojok eta Nikolina Milicek lehen saskiratzeak egin zituzten. 4. minutuan markagailuak 7-10 zekarren. Embutidos Pajarielek presio indartsua ezarri nahi izan zuen, baina falta ugari egin zituzten. Lointek Gernika Bizkaia aukeraz baliatu eta jaurtiketa libreetan ez zuen hutsik egin. Julie Wojtaren eta Naiara Diezen hirukoek abantaila eman zioten taldeari (13-19).
Bigarren laurdenean erreboteetan nagusi izan ziren Lopezek gidatutako jokalariak. Izan ere, entrenatzaileak berak onartu zuen “partiduaren gakoa” hori izan zela. Erasoan barneko baloiak bilatu zituzten. Hala, 5-11 puntutako partziala ezarri zuen talde gernikarrak. Aldeak gora egiten jarraitu zuen eta atsedenaldira 10 puntuko aldeagaz joan ziren (27-37).
Hirugarren laurdenean estualdiak pasa zituen Lointek Gernika Bizkaiak. Hiruko saskiratzeetan huts asko egin zituzten jokalariek eta Embutidos Pajarielek bi taldeen arteko aldea murriztu zuen (40-46). Lopezek etenaldia eskatu zuen eta jokalariak berrindartuta itzuli ziren kantxara: “Lan ona egin dute jokalariek hirugarren laurdenean, batez ere, aurkaria asko hurbildu denean markagailuan”.
Partiduaren azken txanpan, neurketa erabakita uzteko lanak izan zituzten, baina aurreko asteburuan Malosten gertatutakoa errepikatzeko beldurrez, serio aritu zen Lointek Gernika Bizkaia (51-59). “Erregulartasuna mantentzea oso garrantzitsua izan da”. Hala, Gaby Ocetek, Wojtak eta Milicek taldea aurrera eramatearen ardura hartu zuten. Itziar Ariztimuñoren azken uneko saskiratzeak Lopez eta zaleak lasaitu zituen (60-75).
Dia Ligako sailkapenean laugarren psotuan dago talde gernikarra, 7 punturekin. Aurretik, Perfumerias Avenida (8 puntu), Spar Citylift Girona (8 puntu) eta Valencia ditu B.C. ditu (7 puntu).