Lointek Gernika Bizkaiak ligako lehen porrota jaso du, Malosten
Talde gernikarrak 78-80 galdu zuen atzo Clarinos Teneriferen aurka. Etxean jokatu duen Dia Ligako lehen neurketa izan da.
Lointek Gernika Bizkaiak ezin izan zuen atzo Malosten lehiatu zuen Dia Ligako lehen partidua irabazi. Hirugarren jardunaldian Clarinos Teneriferen aurka 78-80 galdu zuen, nahiz eta azken laurdenera 15 puntuko aldearekin iritsi ziren. “Etxean jokatu dugun lehen partidua izan da, eta galdu egin dugu. Aurkari zaila izan dugu aurrean, jokalari oso onak dituena”, adierazi zuen Mario Lopez entrenatzaileak neurketaren ostean.
Talde kanariarrak bizi hasi zuen neurketa Malosten, eta Lointek Gernika Bizkaiako jokalariek ez zuten saskiratzeetan asmatu. Hala, lehen minutuetan kantxan eroso jokatu zuen Clarinos Tenerifek. 4 minutu baino ez ziren igaro, eta Lopezek partidua eten zuen (3-10). Gaby Oceteri eta Nicolina Milici taldearen ardura hartzeko asmoa sumatu zitzaien, baina ez zen nahikoa izan. Lynda Weaver eta Tanaya Atkinson erraz mugitzen ziren talde gernikarraren jokalariengandik ihesean, hala ere, Nogaye Lok bi taldeen arteko aldea bere horretan mantentzea lortu zuen azken uneko saskiratzeekin (14-20).
Bigarren laurdenean guztiz aldatu zen ordura arteko joera. Itziar Ariztimuñoren hirukoak eta Belen Arrojoren saskiratzeek irauli egin zuten neurketa, eta talde gernikarrak aurre hartu zion aurkariari (23-22). Bostekoan aldaketak egin zituen Lopezek, eta eragina izan zuen. Ocete berpiztu egin zen, eta pixkanaka-pixkanaka Lointek Gernika Bizkaia nagusitzen hasi zen partiduan (39-30).
Atsedenaldiaren ostean, errentak gora egin zuen. Lopezek gidatutako jokalariek ondo kontrolatu zuten Clarinos Tenerife, izan ere, defentsa lanetan indartsu aritu ziren, eta Milicen zein Blake Dietricken saskiratzeek entrenatzailea lasaitu zuten. Azken laurdenera 12 puntuko aldearekin joan zen Lointek Gernika Bizkaia (63-52). “Partiduaren hasieran baino hobeto aritu gara bigarren zatian defentsan, baina baita erasoan ere. Abantaila hartzea ahalbidetu digu egindako lan onak”, onartu zuen Lopezek.
Bukaera estua. Talde kanariarrak estrategia aldatu beharra zuen, eta hala egin zuen Claudio Garcia entrenatzaileak. Defentsa indartzearekin batera etxeko taldearen erasoak eten zituen. Hiruko jaurtiketetan huts egin zuten talde gernikarreko jokalariek, eta aukera ondo aprobetxatu zuen Clarinos Tenerifek. Bukaerarako minutu t’erdi faltan markagailuak 71-68 zekarren. Margaret Roundtreek azken segunduetan huts egin zuen jaurtiketa erabakigarrian, eta Iva Brkicen hirukoak partidua berdindu zuen (71-71). “Azken laurdenean ez dugu partidua hausten asmatu, nahiz eta 15 puntu aurretik joan garen une batzuetan”.
Luzapenean erotu egin zen Maloste. Julie Wojtakek hirukoa saskiratu zuen, baina azkar erantzun zuten Clarinos Tenerifeko jokalariek. 14 segunduren faltan markagailuak berdinketa zekarren berriz ere (78-78), baina Brkicek ustekabeko saskiratzeak, eta Juana Molinak neurketako azken jokaldian huts egindako hirukoak garaipena eman zion talde kanariarrari. “Ez dugu saskiratzeetan asmatu, beharbada pazientziarik izan ez dugulako”.
Indarberritzera. Atzoko porrotaren ostean, Lointek Gernika Bizkaia bostgarren dago Dia Ligako sailkapenean (5 puntu), eta oraindik garaipenik lortu ez duen Embutidos Pajariel Bembibreren aurka du domekan [urrik 13] hurrengo hitzordua 18:00etan, Leonen.