Gorozikako mendi martxa kontrako noranzkoan egingo dute aurten
Domekan [urriak 13] egingo duten mendi martxako ibilbidea aldatu egin behar izan dute antolatzaileek, basoa bota dutelako. Bihar da aldez aurretik izena emateko azken eguna, baina egunean bertan ere horretarako aukera egongo da.
Domekan [urriak 13] egingo duten V. Gorozikako Mendi Martxan azken orduko ibilbide aldaketa egin behar izan dutela ohartarazi dute Gorosti Kultur Elkarteko kideek. «Basoa bota dutela-eta, aldaketa garrantzitsu bat egin behar izan dugu. Urteroko ibilbidea izango da, baina kontrako noranzkoan. Hala, apur bat gogorragoa izango da. Ezin izan dugu orain arte aldaketaren berri eman, baina dagoeneko ziurtatu dezakegu hala izango dela».
Gorostikoek esan dutenez, iaz baino pertsona gutxiago bilduko dira domekan, Gorozikan. Aldez aurretik izena emateko azken eguna bihar da, baina antolatzaileek jakitera eman dutenez, probaren egunean ere aukera egongo da.
Martxara animatzeko deia. Irteera puntura hurbiltzen diren nagusiek 12 euro ordaindu beharko dituzte. 14 urtetik beherakoek, aldiz, 6 euro. Eguraldi ona aurreikusita dagoenez, antolatzaileek egunean bertan jende gehiago batzea espero dute.
Bi ibilbide aukeratu ahalko dituzte ibiltariek. Martxa luzeak 20 kilometro ditu, eta 08:30ean ekingo diote partaideek. Martxa laburrak, ordea, 10 kilometro ditu, eta 10:30ean hasiko dira lanean. Gorozikako plazan hasi eta bukatuko dute parte hartzaileek mendi martxa. Tartean, inguruko auzoak igaroko ditu, eta punturik gorenena Bizkargi mendiko Santa Kurtze ermita (565 metro) izango da.
Gogortasuna dela eta, mendi martxaren bostgarren ekitaldi honetan hiru anoa postu izango dituzte ibiltariek ibilbidean zehar, indarrak errekuperatzeko.