Eskualdeko hamar autok lehiatuko dute Gernika-Lumoko Rallya
60 auto aterako ditu errepidera. Julen Bilbao gogoratu eta Endika Salegiri elkartasuna adieraziko diete.
Mende laurdena bete zuen iaz Gernika-Lumoko Rallyak. Aurten 60 autoren parte hartzeagaz, 26.a lehiatuko dute. Barikuan eta zapatuan, beraz, auto hotsa nabarituko da Gernika-Lumon eta inguruko herrietan. Aurrekoetan legez, Busturialdeko ordezkaritza zabala egongo da.
Iazkoaren “antzeko” ibilbidea izango dela aurtengoa esan dute Gernikako Rallyko arduradunek: “Hiru tarte izango ditu rallyak, eta ibilbidea iazkoaren oso antzekoa izango da. Leku berberak zeharkatuko ditu, zenbait aldaketa txikigaz”.
Iaz lehenengoz iritsi zen Oizera Gernikako Rallya, eta aurten ere bertatik igaroko da lehenengo tartea. Etapa bakarra izango du, eta lehen atala Munitibarren hasiko dute gero Oizera joateko: “Oizko tartea azkenean egin genuena baino luzeago egitea pentsatu genuen hasieran, baia laburtu egin behar izan genuen. Aurten ere, zirkuito bera hiru aldiz egin beharko dute pilotu eta kopilotuek”, aitortu dute antolatzaileek.
Hala, 08:00etan Gernika-Lumotik aterako da lehenengo autoa, eta 09:05etan izango da lehen irteera Oizen; 10:58ean eta 12:50ean igaroko dira beste bi bueltak emateko.
Bigarren tartea, udalerritik aterako dena, iazkoaren oso antzekoa izango da. Aldaketa bakarra irteera lekua izango da. Iaz, Lumoranzko bidean hasi ziren, baina aurten Pasealeku ondoan dagoen Faisan taberna paretik aterako dira. 15:45ean aterako dira, eta Metxika igaro ostean, Foruko Baldatika auzora doan bidea hartuko dute, jarraian harrobitik jaisteko.
Hirugarren eta azken tartea 19:00retan hasiko dute udalerritik, eta Ajangizerantz joango dira gero Arrantzurantz joateko. “Azken tarte hori alderantziz egin genuen iaz”, aitortu dute.
60 auto horietako batzuk lastertasun proban hartuko dute parte, eta beste batzuk, berriz, Sport erregulartaunaren kategorian ariko dira.
Eskualdeko hamar autok lehiatuko dute proba. Horien artean daude, Txus Jaio, Ivan Muñoz, Anartz Arrieta, Ugaitz Basaras, Peru Urkidi, Egoitz de Luis, Aratz Zarakondegi, Arkaitz Zubimendi, Koldo Betanzos, Ibai Zumalakarregi, Inhar Arrien edota Jon Erezuma pilotu zein kopilotuak.
Faborito argirik ez
Iaz, bigarren urtez jarraian, Aingeru Castrok eta Alaitz Urkiolak irabazi zuten Gernika-Lumoko Rallya, eta aurten ere egongo dira Busturialdeko errepideetan zehar lehiatzen; iaz Euskadiko Txapelketa ere irabazi zuen bikoteak.
Eurak dira Gernikako Rallya irabazteko faboritoetako batzuk, baina Euskadiko Rally Txapelketa lehiatzen ari diren lehenengo hirurek ere aukerak dituztela uste dute arduradunek: ”Txus Jaiok eta Ioritz Odiagak ere lehiatuko dute rallya, eta irabazteko aukerak dituzte. Izan ere, horiek eta iazko rallyko irabazleak dira txapelketan lehengo hiru postuetan lehian dabiltzanak”.
Halaber, Ivan Muñoz ere faboritoen artean sar daitekeela uste dute arduradunek, “Gernika-Lumoko pilotua rallya lehiatzeko prest dagoelako”.
Julen Bilbao saria jasoko du Arratzuko tarteko eskualdeko kopilotu azkarrenak
Gernikakoa Euskadiko Rally Txapelketarako puntuagarria izango da, eta guztira, erlojupeko zortzi tarte izango ditu, 91,74 kilometrokoak. Ibilbideak guztira, 211,46 kilometro edukiko ditu. Iaz bederatzi erlojupeko tarte aurreikusi zituzten baina bat kendu zuten.
Eskualdekoei sariak
Azkarrenari eta erregularrenari ematen diote saria arduradunek, baita eskualdeko auto bizkorrenari ere; Urdaibai Kopa saria da eskualdekoak saritzen dituena. Aurten, baina, Julen Bilbao saria ere emango dute: «Bere oroimenez Arratzuko tarteari bere izena eman diogu, eta bertatik igarotzen den eskualdeko lehenengo hiru kopilotuak sarituko ditugu, bera ere kopilotua zelako».
Halaber, parte hartzaileen zerrendan ere sartu dute, 28 zenbakiagaz, “gogoratzen dutela ikusteko”. Eta Endika Salegiri ere elkartasuna adieraziko diote. Irteeretan kutxak jarriko dituzte, Salegiri elkartasuna adierazi gura diotenek bertan ekarpenak egin ahal izateko. Zaleek beti babestu izan dutela udalerriko rallya diote, eta aurten ere jendea gerturatzea espero dute: “Jendearen babesa daukagu, asko gerturatzen dira”.
Egitaraua:
Urriak 11, barikua
- 16:00etatik 20:15era. Egiaztatze administratiboak eta egiaztatze teknikoak.
- 20:30. Parke itxia zarratuko dute.
- 21:00. Irteera hartzeko baimendutako autoen argitalpena.
Urriak 12, zapatua
- 07.30. Lehenengo parte hartzailearen irteera, Pasealekuko parke itxitik.
- 19:45. Lehenengo parte hartzailearen helmuga.
- 20:30. Azkeneko sailkapen ofizialaren argitalpena.
- Jarraian. Garaikur eta sari banaketa, parke itxian.
Sariak:
*Sari nagusiak
- Scratch sailkapena. Lehenengoari, bigarrenari eta hirugarrenari: garaikurra gidari eta kopilotuari.
- Klaseka. Lehenengoari. garaikurra gidari eta kopilotuari.
- Klaseka 10. Lehenengoari. garaikurra gidari eta kopilotuari.
- Juniorra. Lehenengoari. garaikurra gidari.
*Erregulartasuna
- Scratch sailkapena. Lehenengoari, bigarrenari eta hirugarrenari: garaikurra gidari eta kopilotuari.
- Pre 75. Lehenengo sailkatuari. garaikurra gidariari eta kopilotuari.
- Pre 83. Lehenengoari. garaikurra gidari eta kopilotuari.
- Instrumentu gabeak. Lehenengoari: garaikurra gidari eta kopilotuari.
- Erregulartasun sporta. Lehenengoari: garaikurra gidari eta kopilotuari.