Bitartekari lanpostua betetzeko deialdia egin du Astrak
Eskabideak egiteko azken eguna da hilaren 14a. Egun bat beranduago, urriaren 15ean, lanpostura aurkeztutako kideekin bilera informatiboa egingo dute.
Astran bitartekari lanak beteko dituen pertsona baten bila dabiltza. Deialdi horretara aurkezten diren hautagaiek aukeraketa prozesu bat pasatu beharko dute. Aukeraketan, gainera, noizbait Astran parte hartu duen edonork parte har dezakeela jakinarazi dute.
Lanpostu deialdian parte hartzeko baldintzak ere zehaztu ditu Astrak. Kulturarako fabrika sozialaren proiektua eta Gernika-Lumoko elkarte eta gizarte zein kultura mugimenduaren errealitatea ondo ezagutzea, proiektuaren filosofia barneratua izatea eta momentuko egoera edota egindako ibilbidea ezagutzea, Gernikaldean bizitzea, langabezian egotea, euskaraz jakitea eta bertoko euskara ulertzeko gai izatea eta euskaraz modu egokian idazteko gaitasuna edukitzea dira ezarritako baldintzak. Barra kudeaketan esperientzia izatea ere baloratuko dutela jakinarazi dute.
Astrak lanaldi erdiko kontratua –astean bost egun eta egunean lau ordu– eskaintzen du. Soldata gordina izango da, hilean 800 eurokoa –gizarte segurantzarekin–. Gainera, soldataren parte bat derrigorrezko beharrizanak asetzeko baliabideetan jaso daiteke, dirutan jaso ordez. Halaber, lan talde dinamiko batean sartzea eskaintzen du, baita Astra proiektuari bultzada emateko aukera ere.
Urriaren 14a baino lehen. Eskabideak egiteko azken eguna da hilaren 14a. Egun bat beranduago, urriaren 15ean, lanpostura aurkeztutako kideekin bilera informatiboa egingo dute. Gero, hautagai bakoitzagaz banakako ahozko elkarrizketa egingo dute komunitateko kideek.
Izena emateko astragernika@gmail.com helbide elektronikora idatzi behar da. Bertan, izen-abizenak eta telefono zenbakia zehaztu beharko dira.