Abenturaz gozatzeko prest atera dira UrdaiRaid probako 80 bikoteak
Kirola, orientazioa eta estrategia uztartzen dituen egun osoko proba lehiatzen dabiltza UrdaiRaid abentura probako 80 bikoteak. Korrika eginez, bizikletaz eta kayakak erabiliz burutu beharko dute ibilbidea.

Iparroratzak eta mapak prest eduki dituzte 10:00etarako III. UrdaiRaid abentura proba lehiatzera atera diren 80 bikoteek; Abentura Raiden Ipar Ligako bosgarren hitzordua da.
Ekoetxea Urdaibain batu dira goizean, eta Urdaibaiko itsasadarren inguruko herrietatik abenturaz eta naturaz gozatzeko irrikitan egon dira. Sirena hotsa entzunda atera dira arineketan, gogotsu eta irribarretsu.
Kirola, orientazioa eta estrategia uztartzen dituen proba da UrdaiRaid, eta sasoi betean daudela erakutsi beharko dute parte hartzaileek egun osoan zehar. Zazpi ordu inguruko proban, ingurunea errespetetuz, hainbat zailtasuneri aurre egin beharko diete oinez, korrika, bizikletaz zein kayaketan. “Orientazioa eta estrategia batzen dituen proba izanik, urtero ibilbidean aldaketak egiten ditugu. Gainera, hiru proba sekretu burutu beharko dituzte”, adierazi dute antolatzaileek.
Urdaibai modu ezberdin batean ezagutzera ematen duen proba ere bada gaurkoa: “Kirolaren bitartez, modu ezberdin batean, Urdaibai ezagutzara eman nahi dugu, ingurunea errespetatuz”. Hori horrela, bikoteek euren talde lana, erresistentzia, orientazioa, estrategia, lehiakortasuna, inteligentzia eta pasioa landu beharko dituzte.
Parte hartzaileek 10:00etan hasi dute proba, eta antolatzaileek 17:00etan aurreikusten dute lehenengoak helmugaratzea. Gero, herri bazkarian elkartuko dira denak eta 18:00ak aldera izango da sari banaketa ekitaldia. Hala, zozketak ere egingo dituztela jakitera eman dute antolatzaileek.
Hiru kategoriatan banatu dute lehia: gizonezkoen bikoteak, emakumezkoen bikoteak eta bikote mistoak. Kategoria bakoitzeko lehenengo hiru sailkatuak sarituko dituzte.




































