Zarrabentako jaiak ospatuko dituzte asteburuan
44. Asto probak lehiatuko dituzte, eta herriko Manuel Intxausti omenduko dute zapatuan.
Urtero legez, San Migel jaien lekukoa hartuko dute Zarrabentako jaiek Mendatan. Asteburu honetan ospatuko dituzte, eta aurten, gainera, Manuel Intxausti “auzoko gizon handi eta asto probazale amorratua” omentzeko aprobetxatuko dituzte ospakizunak.
Zapatuan eta domekan jokatuko dituzte 44. Asto Probak. 17:30ean hasiko dute dema zapatuan Loiuko Urrutikoetxea Anaien, Gamizeko Construcciones Torrontegiren eta Maumeko Javier Baraiazarraren zaldiek.
Saioa amaitu ostean omenduko dute Intxausti. Gazte-gaztetatik asto probetan aritu, eta makina bat sari jaso ditu. Urte askotan egindako lana aitortzeko ekitaldia izango da zapatukoa. 80 urte ditu, eta gazte-gaztetatik lotura estua eduki du asto probekin, eta Zarrabentan urtero asto probak egiten dituztenez, omentzeko aukera polita dela iruditu zitzaien.
Umeentzako txokoa. Zapatu arratsaldean hasiko dituzte jaiak umeen jolasekin. 17:00etatik aurrera edukiko dute txikienek euren txokoa.
Gauean, berriz, makailao janean elkartuko dira mendatarrak, eta 22:30etik aurrera, Esteibarrek eta Obietak dantzan eta kantuan jarriko dituzte, euren betiko kanta ezagunekin.
Domekan, 12:30etik aurrera, zelaian egingo dute meza, herritarrek abestuta. Eta horren ostean, Ajangizko Artxube dantza taldeko dantzarien emanaldiagaz gozatuko dute bertaratzen direnek. Trikiti eta pandero hotsak ere ez dira falta izango jaietan, trikitilariak egongo baitira egun osoa girotzen.
Asto proben bigarren eta azken saioa egingo dute 18:30ean hasita. Imanol Erleaga mendatarra, Juan Luis Irazola mallabiarra eta Iñigo Landaluze leioarra izango dira probalariak.
Lehia amaituta, sari banaketa ekitaldia egingo dute. Txapeldunak 310 euro, manta eta garaikurra irabaziko ditu, eta txapeldunordeak 300 euro. Sei probalariek jasoko dute diru saria, eta zaldientzat pentsu saku bana.