Suteak ekiditu eta herritarrak kontzientziatzeko Suteei Aurrea Hartzeko Astea hasi dute Bermeon
Suteei Aurrea Hartzeko Asteak hainbat hitzaldi eta tailer hartuko ditu bere barnean. Ekimenak zapatura arte iraungo du.
Suhiltzaileen Teknikarien Lanbide Elkartea eta Mapfre fundazioa 14. Suteei Aurrea Hartzeko Astea egiten ari dira, Bermeoko Herri Babesagaz eta Espainiako estatuko hainbat administraziotako Su itzalketa eta Suteen Prebentzio Zerbitzuekin elkarlanean.
Egitasmoa Bermeoko Udalak suteen prebentziorako aurrera daraman estrategia orokorraren barne kokatuta dago. Hala izanik udalaren helburu nagusietako bat herritarrak suteen eta horien prebentzioaren inguruan “sentsibilizatzea eta kontzientziatzea” da.
Ekimena estatu mailan hainbat herritan sakabanatzen da, eta aurtengoa Bermeora heltzen den lehenengo urtea da. Horren zergatia kostako herrian azken hamarkadan jazo diren suteak izan dira. Zapatura arte hainbat jarduera egingo dituzte udalerrian; hitzaldiak, herritarren elkarte eta plataformekin egindako topaketak edota larrialdi egoera baten aurrean erreakzionatzen ikasteko simulakroak egingo dituzte, besteak beste.
Txikienei begira. Udalak azaldu duenez, Suteei Aurrea Hartzeko Asteko “hartzaile garrantzitsuenak ikastetxetak eta ikastolak” izango dira. “Suteen prebentziorako tailerren bitartez, txikienek prebentzioagaz erlazionatutako ohiturak hartzea bilatzen da, euren familiak ingurunearen hezitzaile bilaka daitezen”.
Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileak eta Bermeoko Herri Babeseko kideak hartuko dute hitzaldiak emateko lana. Gainera, bihar arte 18:00etatik 19:00 hitzaldiak egingo dituzte herritarrentzat Kultur Etxean.
Simulakroak Goiko Plazan. Barikuan eta zapatuan Goiko Plazak jarduera desberdinak hartuko ditu. Mapfre fundazioak enparantzan jarriko duen karpan suhiltzaileek eta Bermeoko Herri Babeseko kideek autobabeserako aholkuak emango dituzte. Horrez gain sute simulakro bat irudikatzen duen zirkuitua ere egongo da karpan; larrialdi egoera baten aurrean era egokian erreakzionatzen erakutsiko dute bertan.
Amaitzeko, lehen laguntzetako tailerra egingo dute. Bertan Bihotz-Birikietako Bizkortzea praktikatu edota herritarrek suhiltzaileen lana zertan datzan ezagutzeko materiala eta tresnak egongo dira. Argazkientzako lekua ere egongo da karpan: jardunaldietan parte hartzen dutenek photocall-ean argazkia ateratzeko aukera edukiko dute.
Barikuan karpa barruko jarduerak ekimenean izena eman eta astean zehar prestakuntza jaso duten ikastetxe eta elkarteei zabalduta egongo direla jakinarazi du udalak. Zapatuan berriz herritar guztiek izango dute jardueretan parte hartzeko aukera.