Bizkaiko Foru Aldundiak Gaztelugatxe eta Ermu batzen dituen bidea hobetzeko lanak egingo ditu
Bihar hasiko dituzte Urizarretara igotzeko bideraino helduko diren lanak. Obrek bi hilabete eta erdiko iraupena izango dutela zehaztu dute.
Bizkaiko Foru Aldundiak Gaztelugatxera Ermutik sartzeko azkenengo kilometroa “egokitu eta naturalizatzeko” obrak hasiko ditu bihar.
Lanek 250.000 euroko aurrekontua edukiko dutela zehaztu du aldundiak. Doniene baselizara igotzen diren eskaileren ondoko gunea hobetuko dute; gunea zeharkatzen duen bidea “oso ezegonkorra” dela adierazi du. Gainera “zoru desberdinak dituzten tarteak” daudela ere azpimarratu du, asfaltoz, hormigoiz edota harrobiko agregakinez osatutako guneak daudelako. Guzti hori “azken urteetan egin izan diren segidako lan partzialen ondorioa” dela nabarmendu du.
Aldundiak beharrezkotzat ematen du eremu hori egokitzeko lanak egitea. Modu horretara bideari “uniformetasuna eman, bere estetika eta erabilgarritasuna hobetu eta inguruko balio naturalekin bat etorriko den eta esparrura hurbiltzen diren pertsonei zein biotopo babestu hau zaintzen duten langileen eta mantentze eta larrialdi zerbitzuen langileen ibilgailuei segurtasuna eta erosotasuna” eskaini gura die.
Erabilera iraunkorra. Lanekin hormigoizko arekan gaur egun dagoen asfalto geruza kenduko dute. Aldundiak azpimarratu duenez, obren fase horretan sortzen diren obra hondakinek behar bezalako kudeaketa edukiko dute, hondakinak “baimendutako kudeatzaile batengana” eramango baituzte. Horrez gain lubeta egonkortuko dute, baita bideko zelaigunea erregularizatu, berdindu eta errepasatu ere, aldapa zuzentzeko asmoagaz.
Drainatze sistema hobetzeko lanak egingo dituzte hodiak, kutxatilak eta zeharkako drainatzeak berriztatuz. Gainera agregakin lodien eta lur naturalaren nahasketa homogeneo bat jarriko dute.
Amaitzeko, gunearen egokitzapena “belardiko espezie autoktonoen landaketagaz” osatuko dutela azaldu du. Izan ere, lanek “naturagune babestuaren kudeaketagaz eta bere kontserbazio balioen eta helburuekin” lotura zuzena dute. Konpontze lanekin Gaztelugatxeko inguru babestuari “erabilera publiko iraunkor bat emateko segurtasun baldintzak hobetu” egingo dituzte.
Aipatutako lanek bi hilabete eta erdiko iraupena azaldu du aldundiak. Hala izanik ibilgailuak ezin izango dira gunera iritsi urte amaierara arte. Oinezkoek baina, Urizarretako bidea erabili ahal izango dute.