Inoizko jendetsuena izan da Bizikleta Astea
Aixerrotape Txirrindulari Elkarteko kideek balorazio "positiboa" egin dute, eta zenbait ekintzek euren aurreikuspenak gainditu dituztela azaldu dute.
Joan den barikuan hasita eta atzora bitartean, bizikletak izan dira Gernika-Lumoko protagonista nagusiak. Pedalkadaz pedalkada ingurumenaren alde egin dute herritarrek bederatzigarrenez, eta inoizko Bizikleta Aste jendetsuena ospatu dute.
Ume, gazte zein nagusiek autoa gutxiago erabil daitekeela eta bizikleta oso erabilgarria dela erakutsi dute berriro. Herriko kaleak, Pasealekua, eta Lumoko ibilbidea jendez bete dituzte asteburuan zehar. Pedalkadaz pedalkada bizikletaren erabilera bultzatu dute Aixerrotape Txirrindulari Taldekoek antolatutako ekintzek, eta giro aparta sortu dute herrian. Horregatik, “oso balorazio positiboa” egin dute antolatzaileek.
Antolatu dituzten ekintzetara jendetza bertaratu da, eta uste baino parte hartze handiagoa eduki dute zenbait ekintzek: “Antolatu ditugun ekintza guztietan jende askok parte hartu du, eta ikustera ere jende asko hurbildu da. Gure aurreikuspenak bete dira. Zapatu goizean egindako irteeran 70 pertsona inguru batu ziren, eta ez genuen horrenbeste jende hurbiltzea espero”.
Zapatu arratsaldeko Lumoko II. Kronoigoera ere “oso ondo” joan zela zehaztu dute, bai partaideei zein errepidean txirrindulariak animatzera hurbildutako jendeari erreparatuta: “Oso pozik gaude lortutakoagaz”. Hala, inoizko parte hartze handiena egon dela gogoratu dute, izan ere, 52 pertsonak eman zuten izena, eta 45ek parte hartu zuten, iaz baino hamar gehiagok.
Martxa txikia ere jendetsua izan zen, 500 pertsona inguru gerturatu zirelako. Hala ere, 109 izan ziren elikagaiak eraman zituztenak, eta mezu horretan sakondu gura dute arduradunek: “Guk elkartasun martxa gehiago bultzatu gura dugu, elikagaiak batu eta gero martxa egin. Generoa batzea da gure asmoa, baina geroko martxan sekulako giroa egon zen”.
Hitzaldi eta tailerrek harrera ona. Barikuko eta atzoko ekintzak ere arrakastatsua izan ziren. Barikuan kirola eta hezkuntza nola uztartu landu zuten Serber Altube eta Institutuko ikasleek Elai-Alai aretoan. Euren esperientziak kontatuta, ikastea eta kirola egitea bateragarriak direla azaldu zuten Pello Bilbaok, Iker Amorrortuk, Kemen Goitiandiak eta Virginia Berasategik.
Irakasleek balorazio ona egin zieten antolatzaileei, eta hitzaldi «egokia eta positiboa» izan zela argi utzi zieten.
Atzo, asteagaz bukatzeko, mekanikako klaseekin gozatu zuten ikasleek. San Fidel eta Seber Altubekoek bizikletaren atalak ikusi eta aztertu ondoren, horiekin jolasteko aukera eduki zuten Pasealekuan. Hala, herriko ikastetxeen erantzunagaz pozik daude arduradunak.
Ekintzetan parte hartu duten eta ikustera edota animatzera gerturatu diren herritar guztiei eskerrak eman dizkiete arduradunek. Hala, jendearen gertutasuna ikusita, hurrengo urterako prest daudela diote: “Hurrengo urtean ere antolatuko ditugu ekintzak”.